Artzain-txakur Txapelketaren 50. edizioa, ekitaldi bereziekin

Txomin Madina Milikua 2009ko irailaren 16a

Herriko kultura etxean, txapelketaren inguruko argazki eta kartel erakusketa ikusgai dago dagoeneko, eta txapelketaren egunean bertan, txapeldun izandako artzainak omenduko dituzte.

Irailaren 27an ospatuko da aurten Oñatiko Nazioarteko Artzai Txakurren Txapelketa. Antolatzaileak azken prestaketa lanetan dabiltza, eta aurreratu digutenez, Euskal Herritik, Frantziatik eta Katalunia aldetik etorriko dira parte hartzaileak, denera hamaika. Arabako txapelduna ez da etorriko, aurten ez baitute Araban lehiaketarik egin.

Berrikuntzak eta ekitaldiak

Txapelketan egongo da berrikuntzarik. Proben ordena aldatu egingo dute eta orain arte lehenengo egin duten banderen proba bigarren kanporaketarako utziko dute. Asmoa da txakur guztiak ardiekin lanean ikustea. 50. edizioa ospatzea ez da nolanahiko kontua eta hori dela eta, txapelketaren egunean bertan, berau inoiz irabazi duten artzainek omenaldia jasoko dute.

Honetaz gain, dagoeneko irekita dago kultura etxean txapelketako argazki eta kartel historikoak batzen dituen erakusketa. Eta egun handiaren bezperan, irailaren 26an, okela lehiaketa eta pintxo dastaketa antolatu dituzte.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak