Artzain txakur onenak izango dira lehian domeka goizean Oñatin

Edu Mendibil 2007ko ira. 21a, 14:06
Nazioarteko Artzain Txakurren Txapelketa jokatuko da domekan Oñatiko Santa Lutzia zelaian, 11:00etan hasita. Aurtengoa lehiaketaren 48. ekitaldia da eta artzainen esanetara hamabi txakur arituko dira lehian.

Ohikoa denez, hiru ariketa egin beharko dituzte partaideek:

  • lehenbizikoan, epaimahaiak izendatutako bi lekutan gelditu beharko du artzainak txakurra eta gero ardiengana astiro sartzeko agindua emango dio (hiru minutuko ariketa gehienez);
  • bigarrenean, artaldea dagoen lekutik hartu eta zelai barrenean dagoen makila baten ondora ekarri eta bertan txakurra eta artaldea gelditu, eta jarraian eskumako ala ezkerreko hesi artetik pasatu (sei minutu);
  • eta, azkenik, artzainaren aginduz, txakurrak artaldea hartu eta erdian dagoen eskortan sartu behar du eta gero handik atera (zazpi minutu). Lau artaldetan banatutako 120 ardi inguru erabiliko dituzte Santa Lutzian.

Jose Mari Bengoa antolatzailearen arabera, artzain txakur onenak izango dira domekan, eta ez da erraza irabazlea nor izan daitekeen asmatzea: "Denak dira txapeldun euren herrialdeetan eta beti bezala lehia handia izango da. Ardiek ere zeresan handia izaten dute; ardi batek hanka eginez gero, pikutara bidaltzen dizu egindako lan guztia. Zortea ere beharrezkoa da Oñatin. Era berean,  nazioarteko txapelketa denez, presioa handia izaten da eta artzaina urduri ez jartzea funtsezkoa da, txakurrek berehala sumatzen diotelako ugazabari ohi baino agindu gehiago ematen dituen, urduri dabilen".

Bi lagun omendu

Aurten ere omenaldia prestatu dute antolatzaileek: urtetan txapelketan esatari lanak egin zituen Jose Mari Agirrebaltzategiren omenezko saria bi lagunek jasoko dute: alde batetik, 20 bat urtetan antolaketan ibilitako Jose Mari Arexolaleiba eta, bestetik, ia hasieratik txapelketan lehiatu den Ramon Larrañaga azkoitiarra omenduko dituzte.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak