Lourdes Idoiagaren hitzetan, "edukiez betetako espazio hau hutsune bat betetzera dator eta esperientzia berriak jaso ahal izango dituzte bisitariek aurrerantzean. Nolabait esatearren koben liburua izango da hau eta aberasgarria izango da guztiendako, tartean hona hurbiltzen diren ikasleendako. Eskerrak eman nahi dizkiet proiektu honetan lan egin duten guztiei".
2007ko ekainean Arrikrutz Kobetako 53 galeria bisitariendako zabaldu ziren. Orain, hilabetetako lanaren ondorioz, koba munduan guztiz murgildu eta esperientzia berria bizitzeko aukera eskainiko dute. Imanol Biain oñatiarra da proiektuan parte hartu dutenetako bat. Harekin lanean ibilitakoen lana goraipatu zuen martitzenean; "Datu pila bat genituen, espeleologo, paleontologo eta abarrek urtetan batutakoak eta laburpen txiki bat egin dugu. Lur azpian benetako altxorrak daudela erakutsi nahi genuen eta hau dena itsaso azpian zegoenetik honako ibilbidea jaso dugu".
Hainbat panel jarri dituzte ikusgai Arrikrutzeko sarreran: paisaia karstikoaren gainekoa, 1871tik Oñatiko espeleologiaren historia jasotzen duena edota Gesaltza-Arrikrutz-Jaturabe multzo karstikoari buruzkoa. Era berean, leize lehoiaren eta leize hartzaren hezurdura daude ikusgai eta sekuentzia guztiak batzen dituen kronograma ere bai. Orain, gainera, orain dela bi urte topatu zuten Arrikrutzeko hilarriak egiten die ongi-etorria bisitariei.
Aurrekontua 19.000 eurokoa izan da eta Jaurlaritzak eta Oñatiko Udalak ordaindu dute.