Arrikrutzeko harribitxiak izeneko bonboia aurkeztu dute

Mireia Bikuña 2007ko eka. 18a, 10:51

Arrikrutzeko koben inagurazioa aprobetxatuz, Bidebarri enpresako Gozokin negozioak Arrikrutzeko Harribitxiak izeneko artisau bonboiak merkaturatu ditu.

"Oñatin txokolateak eta bonboiek duten estimua eta historia kontutan izanda, harkaitz bitxia omentzeko sortu dugu bonboia", azaldu zigun aurkezpen ekitaldian Jon Igartuak, Bidebarri enpresako gerenteak. 

Halaber, egubakoitzeko aurkezpenean, Jose Mari Ruizek, Gozokin negozioko pastelgileak, eta Jesus Mari Ugartek, Oñatiko enplegu tekniariak, parte hartu zuten.

Bi formatu

Arrikrutzeko kobak ikustera joan diren lehen ehun lagunei, bonboi berria oparitu diete; baina, turistendako ez ezik, merkatura zabaltzea dute helburu.

Oraingoz, hiru lekutan erosi daiteke Arrikrutzeko Harribitxiak izeneko bonboia: turismo bulegoan, Arrikrutzeko kobako harreran, eta Bidebarrik plazan duen okindegian. Etorkizunera begira, beste salmenta puntu batzuk hitzartuko dituzte.

Esnedun txokolate gainetik, pralinea eta krokantia

Esnedun txokolate gainetik, hur pralinea, almendra txikitua eta almendra krokantia dira Arrikrutzeko Harribitxia bonboiaren osagai nagusiak. Eurek dioten bezala, "kalitatezko" produktua egin du Gozokin-ek.

Bi formatutan salduko dira bonboiak: 12 bonboi biltzen dituen kaxa karratua zortzi eurotan salduko da; bestetik, bonboi bakarra duen kaxa euro baten truke eros daiteke.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak