Arrikrutzeko bisita bereziak egiten hasi dira aste bukaeran

Mireia Bikuña 2009ko uzt. 7a, 12:34
Hain zuzen ere, domekan egin zituzten 'Arrikrutz barne-barnetik' eta 'Arrikrutz kanpotik' bisitetako lehen irteerak. Hurrengoak izango dira: Arrikrutz zuzen-zuzenean hilaren 11n eta 25ean eta abuztuaren 1ean, 15ean eta 29an, 10:30ean euskaraz eta 11:00etan espainolez; Arrikrutz kanpotik hilaren 18an eta abuztuaren 8an eta 22an; eta Arrikurtz barne-barnetik hilaren 19an, eta abuztuaren 9an eta 23an. Edozein bisita egiteko, ohikoa edo bereziak, aurrez erreserba egitea aholkatzen dute 943 08 20 00 telefonora deituz.

Hiru ibilaldi berezi

Arrikrutz barne-barnetik ibilaldiak koba barrutik ezagutzeko aukera eskainiko du, pasarelatik kanpo. Aldaola errekan hasiko da ibilaldia, eta eszentrika izena duen estalaktita berezi bat ikusteko aukera egongo da. Bisita honetan parte hartzen dutenek arropa egokia, katiuskak eta frontala eroan beharko dute.

Beste ibilaldi berezia Arrikrutz zuzen-zuzenean izango da. Ohiko musika gabe, gidariak emango ditu azalpenak. Hirugarren eta azken bisitak Arrikrutz kobaren kanpoaldea ezagutzeko aukera emango die turistei; hain zuzen ere, Gesaltza-Arrikrutz sistema karstikoa.

Euskal artzainen bideak ezagutzeko aukera

Oñatiko Turismo eta Garapen Agentziak prestatu duen Uda' 09 egitarauan euskal artzainen bideak ezagutzeko irteera aurreikusten dute. Ohikoa ez dena bidaia proposatzen dute, euskal artzainen mundua hurbiletik ezagutu ahal izateko. Irteera horietan parte hartzen dutenek Gomistegi baserriari egingo diote bisita lehen-lehenik; besteak beste, baserriaren jatorria eta eguneroko lana ezagutzeko aukera izango dute. Era berean, Euskal Herriko baserriaren funtzionamendua zertan datzan azalduko dute. Gainera, turistek hala eskatuz gero, artzain-txakurren erakustaldia egingo dute. Informazio gehiagorako eta erreserbak egiteko 943 25 10 08 telefonora dei daiteke.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak