Arantzazu sustatu eta eraberrituko duen hitzarmen-markoa sinatu dute

Miren Arregi Amasorrain 2007ko abenduaren 19a

Gaur, eguaztena, sinatu dute hitzarmena Gipuzkoako Foru Aldundiak, Oñatiko Udalak eta Frantziskotar fraideek. Azken helburua, Arantzazuk dituen balio turistikoez gain, euskal gizartearentzat espiritualitate, kultur, arte eta bake erreferente izatea da.

Arantzazu erreferentea izan da herriaren fedearentzat 500 urteko historian. Herriaren atxikimenduak eta hurbiltasunak eutsi dio Arantzazuri zutik. Orainaldian baina, Arantzazu zailtasun-unea bizitzen ari da. Hori horrela, Frantziskotarrek Santutegiaren lehentasunaren gainean, argi ikusi dute Arantzazu garatu beharra dagoela, fedearen, kulturaren eta naturaren bilgune bezala, sinestedun eta sinesgabeen arteko elkarrizketa leku eta topagune bezala.

Oinarri horien gainean, Frantziskotarrak santutegiaren nortasun historikoa errespetatuz, etorkizuneko Arantzazu prestatzen ari dira. Horretarako baina, laguntza behar dute, eta testuinguru honetan ulertu behar da gaur Gipuzkoako Diputazioak, Oñatiko Udalak eta Frantziskotarrek sinatutako hitzarmen-markoa.

Fundazioa

Berrikuntza-proiektu hau bideratzeko fundazio bat sortuko dute, gaur hitzarmen-markoa sinatu duten hiru erakundeek, nahiz eta beste erakunde batzuen parte-hartzeari aterik ez itxi.
 
Arantzazuk lau eremu ditu ardatz; espiritualitatea, kultura, natura eta jendearendako arreta zerbitzuak. Fundazio berriaren helburu espezifikoen artean honakoak nabarmendu daitezke.

  • Gandiaga topaguneko bigarren eraikinean zentro bat eratzea, kultura, artea, eta pentsamendua sortu eta hedatzeko.
  • Eraikin horretan bertan, Aratz-Aizkorri natura parkeari dagokion parketxea egitea, Arantzazuko natur inguruneko ekimenak koordinatuko dituena Gandiaga Topagunearen erabilera sustatzea, beste erakunde eta fundazioen egoitza bezala
  • Jendearentzako arreta zerbitzuak kudeatzea, ostatu hotelean, dendan, Gandiaga Topaguneko bat eraikinean eta aparkalekuan.

Fundazioa arduratuko da batez ere hau guztia kudeatzeaz eta Diputazioa eta Oñatiko Udala, batez ere, finantzazioaz eta diru ekarpenak egiteaz. Frantziskotarrek ostatu hotela eraberritzeko ardura hartuko dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak