Arantzazu eta Gomiztegi arteko lehen ibilbide natural egokitua hilaren 26an inauguratuko dute

Mireia Bikuña 2008ko azaroaren 13a

Ibilbideak 1.865 metro ditu; horietatik 1.125 menditik doaz, eta gainerako 740 metroak asfaltatuta daude. Egitasmo honen helburua da, ezgaitasunen bat (fisikoa, ikusmenekoa, entzumenekoa edo intelektuala) duten pertsonek naturaz gozatu ahal izatea, erosotasun eta segurtasun baldintzak betetzen dituen ibilbidean. Proiektua aurrera eroateko, Foru Aldundiko Landa Ingurunearen Garapeneko Sailak lankide izan ditu Oñatiko Udala eta La Caixa Gizarte Ekintza. Aurrekontua 910.000 eurotik gorakoa du; horietatik 105.000 Oñatiko Udalak ipini ditu; 210.000 euro, finantza erakundeak; eta gainerako 600.000 euroak, Gipuzkoako Foru Aldundiak.

Ibilbide natural egokituen sarea otsailaren 21ean aurkeztu zuten Gipuzkoako Foru Aldundiko Landa Ingurunearen Garapeneko eta Mendietako eta Natura Inguruneko arduradunek, Oñatiko alkate Lourdes Idoiagak eta La Caixako Gizarte programetako arduradunek.

Zailtasunak dituztenendako

Ibilbide natural egokituen sarearen bidez, ezberdintasun funtzionalak –modu bateko edo besteko mugak, ezintasunak– dituztenei ibilbide interesgarrietan ibiltzeko aukera eman nahi die Aldundiak. Ezberdintasun mota asko hartu dituzte kontuan: fisikoa –gurpildun jesarlekuak edo makuluak darabiltzaten pertsonak, adindunak, ume-kotxeak daramatzatenak, bizikletan dabiltzan umeak…– ikusmenekoa, entzumenekoa edo intelektuala –ulermen, orientazio edo erabakiak hartzeko maila txikiagoa dutenak. Horien premiei erantzuteko, bideek baldintza batzuk betetzen dituzte, eta hauek egokituko dituzte: aparkalekuak, zabalera, malda, ateak eta hesiak, informazio eta atsedenerako guneak, altzariak, segurtasuna, zerbitzuak eta argiak.
Irizpide horietan oinarrituta, lehen hautaketa baten, lau ibilbide hartu zituzten Gipuzkoako parke naturaletan: Aizkorri, Aralar, Pagoeta eta Aiako Harria. Horietatik, Aizkorrikoa –Arantzazutik Gomiztegira doana– egin dute lehena. Proiektu osoa egiteko, 1,5 milioi euro jarri ditu Aldundiak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak