Aloñako magalean 25 lizar eta bost hagin landatu dituzte

Maider Arregi 2010ko mar. 21a, 18:01
Aurtengo Zuhaitz Eguna, atzo, domekan ospatu zuten Aloñako magalean. Zehazki goialdean dagoen pistaren kontra landatu zituzten zuhaitzak bertaratutako boluntarioek. Foru Aldundiko Imanol Artola basozainak eta Oñatiko Natur Eskolako Imanol Biainek zehaztutako lekuan egin zituzten landaketak. Guztira, 30 zuhaitz landatu dituzte aurten: 25 lizar eta bost hagin.

Antolatzaileek azpimarratu dutenez, eguna lainotsua eta umela izan arren, euririk ez du egin eta 30 zuhaitzen landaketak, arazo eta zailtasunik gabe egin dituzte. Inazio Irizarrek azaldu digunez, boluntarioen arteko giroa oso ona izan zen eta gustura aritu ziren elkarlanean. Hala, auzolanean gogor lan egin zuten bizpahiru orduz goizeko 09:30ean hasita Aloñan elkartutako 30 lagunek. Gogoratu Zuhaitz Eguna astebetez atzeratu behar izan zutela elur asko zegoelako Aloñako magalean.

Datorren urterako prest

2011ko urtarrilaren 1ean, zabalduko da boluntarioen zerrendan izena emateko epea. Horrela, aurten parte hartu gabe gelditu direnak, datorren urterako eman dezakete izena aloinalagunak@gmail.com helbide elektronikora mezua bidalita. Xehetasunak eta informazio guztia, aloinalagunak.blogspot.com blogean dituzue. Izan ere, bi bide daude datorren urteko Zuhaitz Egunean parte-hartzeko: lehena, Fernando Maiztegiri, Patrue Kaleko bere tailerrean esanda; eta bigarrena, aipatutako posta elektronikora mezua idatzita. Antolatzaileek azaldu dute, urtero antolatu nahi dutela Zuhaitz Eguna Oñatin. Beraz, eta dena ondo bidean badoa behinik behin, datorren urteko data jarria dute: 2011. urteko, otsailaren 27rako deitu dute haginak eta lizarrak landatzeko eguna. Interesa duzuenok, beraz, izena eman dezakezue 2011ko urtarriletik aurrera.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak