Aloñako gurutze ingurua eta aterpea konponduko dituzte

Mireia Bikuña 2010ko ots. 11a, 13:26
Aloñako Gurutzearen Lagunak Elkarteak udaberrian egingo ditu lanak, maiatzean edo ekainea, eguraldiaren arabera. Batez ere, igeltserotza eta margotze lanak egingo dituzte. Lanak egiteko dirulaguntza eskaera egin dute udalean.

Igeltserotza eta margotzea

Orain dela hamar urte, Aloñako gurutzeak 100 urte bete zituenean, egin zituzten azkeneko aldiz mantentze lanak. Ordutik, gurutzearen inguruak eta aterpearen egoera okerragotu egin dira. "Gurutzearen itxituraren inguruan harriak altxatu egin dira, izotzaren ondorioz. Era berean, aterpeko margoa altxatu egin da, eta margotu egingo dugu barrutik", esan digu elkarteko kide Inaxio Irizarrek.
Bestalde, gaineratu digu gurutzearen itxitura eta gurutzean dauden hiru plakak margotu egingo dituztela. "Batez ere mantentze lanak egingo ditugu; alegia, igeltserotza eta margotze lanak", dio Irizarrek. Azpimarratu digu Udalean dirulaguntza eskatu arren, lan guztia muxu truk egingo dutela: "Elkarteko kideen artean egingo dugu guztia. Dena den, laguntza emateko gertu daudenak beso-zabalik hartuko ditugu. Patrue kaleko Maiztegi Nekazarien Tresnak dendan eman dezakete izena".

Maiatzean edo ekainean

Aloñako Gurutzearen Lagunak Elkarteko kideen asmoa mantentze lanak udaberrian egitea da, baina ez dute data zehatzik ipini gura: "Eguraldiaren araberakoa izango da. Gure asmoa da maiatzean edo ekainean egitea. Ordura arte ezinezkoa izango da Aloñan hotz egiten duelako, eta haizeak gogor jotzen duelako". Egun zehatz barik, bi aste bukaeratan egiteko asmoa dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak