Aloñak gertu dauka Ohorezko mailan jokatzeko lehen taldea

Jokin Bereziartua Lizarazu 2009ko uztailaren 26a

Iaz txalotzeko moduko denboraldia egin ostean, Aloña gertu dago datorren denboraldirako. Josu Zubiak gidatzen duen taldeak eguneroko lana izango du oinarri eta datorren denboraldira begira ez dute helburu zehatzik finkatu; oraingoz maila mantentzeko beharrezkoak diren 40 puntuak ahalik eta azkarren lortzea.

Txalotzeko moduko denboraldia egin zuen iaz Aloñak. Azkoagain gotorleku egin zuten, kanpoko taldeendako futbol zelai zaila egin zuten oñatiarrek. Oñatiarrek azken jardunaldietan bigarren postuan sartzeko aukerekin amaitu zuten denboraldia, eta Josu Zubia entrenatzailea oso pozik dago iaz egindako lanarekin: "Oso urte ona egin genuen. Jokalari kopuruari dagokionez, aurten baino talde motzagoa izan genuen, baina jokalariak asko inplikatu ziren eguneroko lanean".
Egindako lan onak emaitzetan islatu ziren iaz, Zubiak dioenez, "eguneroko lan onak emaitza onak bermatzen ez dituen arren".
Datorren denboraldirako taldeak ez du helburu zehatzik finkatu. Zubiak adierazi duenez, "egia da lehendabizi maila mantendu behar dugula eta beharrezko 40 puntuak lortu, baina ez dugu arreta emaitzetan larregi jarriko, eguneroko lanean baizik". Oñatiarren lehen taldeak, Zubiak aditzera eman duenez, helburu ezberdinak izango ditu: "lehendabizi, aurre denboraldian, jokalari berrien integrazioa eta kontzeptu taktikoak ondo barneratzea garrantzitsua izango da". Hala ere, apenas aldatu da taldea eta horrek, Zubiaren hitzetan, asko errazten du lana. Horretaz gain, denboraldiko lehen jardunaldira fisikoki ondo ailegatzea ezinbestekoa da oñatiarren entrenatzailearendako, dioenez, "nahiz eta oraindik ez garen %100ean helduko".
Denboraldian zehar, bestalde, eguneroko lanean eta asteko partiduan zentratuko da Aloña. Amaitzeko, Zubiak jakinarazi du "garrantzitsuena jokalariak iazko ilusio eta umiltasunez jokatu eta entrenatzea" dela. Ondoren, iritsiko dira emaitzak.

Josu Zubia > Aloñako entrenatzailea

"Joan direnen ezaugarriak dituzte etorri direnak"

Zein talde da faborito?
Pasajes izan da gehien indartu den taldea, nire ustez. Iazko taldea mantendu du eta oso jokalari onak ekarri ditu. Lehen postuetan ibiliko dira.

Nola indartu da Aloña?
Taldea mantendu dugu, iazko antzeko taldea da. Gainera, joan direnen ezaugarriak dituzte etorri direnak.

Zer du taldeak hobetzeke?
Beti dago zerbait hobetzeko, baina iaz denboraldi borobila egin genuen. Orain bertan sinatuko nuke iazkoa errepikatzea.

Non egongo da Aloñaren indarra?
Talde izaeran. Ez dugu izugarri nabarmentzen den jokalaririk, bloke moduan gara indartsuak.

Nola ikusten duzu UDA?
Hasiera izango da garrantzitsua, konfiantza har dezaten. Talde lehiakorra du, oso ondo indartu da. Ea zortea duten eta mantentzen diren.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak