Aloña Mendi saskibaloi taldeak jipoi ederra eman zion liderrari

Mireia Bikuña 2009ko urriaren 11

Lehen jardunaldiko porrota ahaztuta, gogotsu irten ziren Aloña Mendiko jokalariak kantxara, eta jipoi ederra eman zioten Askartza liderrari. Harmailetan zeuden zaleen gozamenerako, talde joko ona egin zuten, baloia ondo mugituz, eta hiruko jaurtiketetan maisuak direla erakutsiz, 84-55 irabazi zuten.

Lehen laurdena izan zen parekatuena. Bizkaitarrak hasi ziren markagailuan agintzen. Dena den, erasoan zailtasunak izan zituzten bi taldeek hasierako minutuetan. Lehen tartea bukatzeko bi minutu falta zirenean jarri zen Aloña aurretik lehen aldiz, 15-14. Orduan hasi ziren oñatiarrak partidua bideratzen.
Bigarren tartearen hasiera erabakigarria izan zen. Xabier Igartuaren taldeak 13-0ko partziala egin zuen lau minututan, eta 34-17 jarri zen aurretik. Askartzak lehen saskiratzea bosgarren minutuan egin zuen. Tentsioarekin eta indartsu jokatuz, etxekoak abantaila handitzen hasi ziren, eta atsedenera 17 puntuko abantailarekin heldu ziren, 47-30.

Laugarren laurden eskasa

Hirugarren laurdena hasi orduko partidua erabakita zegoen arren, entrenatzailearen aginduak jarraituz, gogor defendatu zuten eta erasoan jaurtiketa garbiak bilatu zituzten. Hirugarren tarteko lehen hiru jaurtiketak hiru puntukoak izan ziren (bi Jagobak eta bat Alesek). Bestalde, defentsan egindako lanari esker, Askartzak zazpi puntu bakarrik lortu zituen hirugarren tartean. Horregatik guztiagatik, azken tartearen hasieran 34 puntuko aldea zuten oñatiarrek.
Laugarren laurdena eskasa izan zen. Aloñako entrenatzaileak tentsio berberarekin jokatzeko esan zien arren, jokalariak asko lasaitu ziren. Lehen bi minutuetan ez zuten punturik lortu.

Desabantaila txikitu

Etxeko jokalarien lasaitasuna aprobetxatu zuen Askartzak desabantaila txikitzeko eta markagailua itxuratzeko. Azken tartean, Askartzak 16 puntu egin zituen, eta Aloñak, 12, baina garaipena etxean geratu zen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak