Aldundiak 450000 euro emango dizkio Arantzazu Gaur Fundazioari

Txomin Madina Milikua 2008ko abuztuaren 6a

2008an fundazio honek izango dituen jarduera gastuak finantzatzen laguntzeko izango da diru kopuru hori, eta Aldundiak horrela, fundazioaren sorreran hartutako konpromisoa betetzen du.

Opor aurretik egindako azken diputatuen kontseiluan hartu zuen erabaki hau Aldundiak, eta erabaki honekin, foru erakundeak pasa den apirilean Arantzazuko Frantziskotar Probintziarekin, Oñatiko Udalarekin eta Mondragon Taldearekin batera fundazio horren batera sortzaile gisa onartutako konpromisoa betetzen du.

Arantzazu Gaur Fundazioaren helburua, ikuspegi globaletik eta etorkizunera begira Arantzazuren sustapena eta eraberritzea bultzatu, dinamizatu, kudeatu eta koordinatzea da, Santutegiaren eta frantziskotarren printzipioak errespetatuta, eta aldaketa soziokulturalei irekita. 2007ko abenduaren 19an adostu zuten fundazioaren sortzaileek oinarri eta helburua horiek  jasotzen dituen hitzarmen markoa. Arantzazu Gaur fundazioak kultura, natura eta jendearenganako zerbitzuen alorrean jardungo du bereziki.

Helburuak lortzeko urratsak

Helburu zabal horiek lortzeko, jarduera berehalakoenen artean hainbat aipatzen ditu fundazioak. Arantzazuko erreferentzia eta ezaugarri bereziak sustatzea da bat, besteak beste, basilika, Gandiaga topagunea 2, Arantzazuren kultur historia eta natur ingurunea eta parketxea.

Horretaz gain, fundazioaren beste eginbeharretako bat da Arantzazu bisitatzen dutenenentzat dauden  zerbitzuen kudeaketa eta ustiapena zuzentzea, eta hor sartuko lirateke Gandiaga topagunea 1, ostatua, denda, bide azpiegiturak eta aparkalekuak, baita Gandiaga topagunearen inguruko eremuen mantenua ere.

Gandiaga topagunearen 2. eraikinean hainbat elementu garatu gura dituzte etorkizunean, hala nola, parketxea eta aterpetxea, Arantzazuko historiari buruzko topalekua, eta kultura sortu, ekoitzi eta hedatzeko zentroa. Beste proiektu batzuk ere garatu gura dira: Arantzazuko bidexka seinaleztatuen sarea zabaltzea edo santutegiak izan ditzakeen beste erabileren inguruan azterketak egitea.

Fundazioak Arantzazu etorkizunera begira sozialki eta ekonomikoki bideragarri egin gura du, eta erreferentzi izateko, etikaren eta Asisen inguruko berariazko proiektuak ere garatu nahi dira.

Jarduera guzti hauek aurrera eraman ahal izateko 2008an emango diren urratsak finantzatzeko balioko dute aldundiak emandako 450000 euroek.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak