Oñati Bizirik bigarren diskoaren aurkezpenarekin hasi zuten V. Gazteburua. Oñatiko bost talderen abestiez osatzen da Oñati Bizirik diskoa. Zapatuan ospatu zen gazte eguna, eta aurrekoetan ez bezala, aurten, gaztetxean bertan, San Martinen, egin dute bazkaria. Ondoren, erromeria, eta ostean, manifestazioa. Manifestazioaren leloa, argia inondik inora. Udalaz ez dute ezer jakin gura.
Helburua gazteak batzea
Gazteak batu, eta ekintzak aldarrikapenak, jendartearen eta gizarte ereduaren gaineko hausnarketak behar ditu gazte asanbladak. Horretarako, ezinbesteko tresna bilakatzen delarik gaztetxea. Eta helburu horren adierazle, Gazteburua.
Kontzertuak
Ondore, musikaren txanda iritsi zen. Oñatiko hiru talde, Show business, Asfiksia eta Drakes igo ziren agertokira. Ongi aritu ziren eta gazteek ere erantzun zuten. Gogorrena ondoren etorri zen; Piperrak eskenatokira igo zirenean bete zen frontoia. Betiko punk doinuekin, bertaratua saltoka ipini zituzten. Azkenik, Mexikora bidaiatu zuten ikusleek Inpekablesekin. Sekulakoa izan zen ipini zuten giroa. Ikusleen ekarpenak ere izan ziren eta hartueman polita sortu zen ikusle eta taldekideen artean.