Aizkorri-Aratz parke naturaleko parketxea urte amaierarako amaituko dute

Arantzazu Ezkibel Galdos 2010ko urr. 21a, 14:59
Aizkorri-Aratz parke naturaleko sarbideetako bat da Arantzazu. Hori dela-eta, hara doazenei harrera egiteko zentroa eraikitzen dihardute Arantzazun, Gandiaga Topagunean. Lanak zerbait atzeratuta daude; Lourdes Idoiaga Oñatiko alkateak esan du asmoa dela urte amaierarako amaituta egotea.

"Parketxea bera amaituta dago, obra zibila; orain falta da interpretazio gunea izango dena atontzea", azaldu du Idoiagak. Hau da, museologia objektuak jartzea.

40 metro koadroko maketa

Interpretazio zentroak Aizkorri-Aratz parkea ondo ezagutzeko balioko du. Ibilbide bat izango du, eta bideo eta maketen bitartez parke naturaleko txoko ezberdinak ikusiko dira.
"Maketa bat jarriko dute, 40 metro koadrokoa", dio Idoiagak. Gainera ukimen-pantailen bitartez Urbia, Iturrigorri... bisitatzeko aukera egongo da.

Foru Aldundiak finantzatu du

Oñatiko Udalak, Frantziskotarren komunitateak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak Arantzazuko parketxea eraikitzeko lankidetza hitzarmena onartu zuten 2008an. Foru Aldundiak 1.000.000 euro jarri ditu lanok egiteko; Frantziskotarren komunitateak Gandiaga Topaguneko mendebaldeko hegala utzi du: eta, jendeari harrera egin eta proiektua dinamizatzeko gastuak Oñatiko Udalaren kontura izango dira. Urte amaieran amaitu, eta urtarril inguruan zabalduko dute.

Zegaman, Aizkorriko ataria

Asteon inauguratu dute Zemagan, Anduetza baserrian, Aizkorriko Ataria interpretazio zentroa. Aizkorri-Aratz parkearen erakusleiho izan gura du interpretazio zentroak; parkea ikusteko, sentitzeko eta interpretatzeko beste modu bat. Horretako, ikus-entzunezkoak jarri dituzte.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak