Orain dela hamar urteko jokalariak gaur egungo jokalariekin neurtu zituzten indarrak Oñatiko Zubikoa kiroldegian egin zen saskibaloi festan. Egungo senior neskak eta senior mutilak gailendu ziren bi partidutan. Egoera fisiko onean daudela erakutsi zuten. Hala ere, orain dela hamar urte taldea osatzen zuten seniorrek ere maila bikaina erakutsi zuten.
Bi partidu jokatu ziren. Lehena, 16:00etan hasi zena, senior mutilek jokatu zuten. Garaipena egungo senior taldeak eskuratu zuen, 71-54 markagailuarekin.
Ondoren hirukoen jaurtiketa egin zuten; 30 segundotan 10 jaurtiketa, hain zuzen ere. Ikuskizun polita eskaini zuten bai neskek eta baita mutilek ere. Nesketan Jone Arregik lau saskiratze egin zituen. Mutiletan, berriz, Alex Anduagak irabazi zuen hamarretik sei saskiratzerekin. Bigarren partidua, neskek jokatu zuten 18:15ean. Markagailua nahiko berdindu zen hirugarren laurdenean. Hala ere, egungo taldeak 39-27 markagailuarekin garaipena eskuratu zuten.
Egungo senior mutilak nagusi
Gorka Judez entrenatzailearen mutilak egoera fisiko onean eta indartsu daudela erakutsi zuten. Hasieran, errespetuz irten ziren kantxara. Izan ere, urte askoan euren maisu eta erreferente ziren jokalariak zituzten aurkari. Lehen minututako urduritasunak albo batera utzi eta markagailuan gailendu ziren egungo seniorrak. Partiduaren bigarren zatian, senior beteranoek maila eta teknika bikaina erakutsi arren, eguneroko entrenamendu falta nabaritu zen. Izan ere, egungo senior gazteek nekea nabaritu zuten beteranoengan eta markagailuak gorantz egin zuen beraien alde. Ikuskizun entretenigarria eskaini zuten bi taldeek. Polita izan zen garai bateko txapeldunak eta askoren maisuak jokalari gazteen aurka jokatzen ikustea.
Senior neskek partidu nahiko parekatua
Iker Zabaleta entrenatzailearen neskak ere gogor irten ziren kantxara eta garaipena eskuratu zuten. Egungo senior neska taldea ez dagoen arren, jokalariak forman daudela erakutsi zuten. Urduritasuna eta emozioa nabari zen kantxan. Izan ere, senior beteranoek ez dute ahaztu Ainhoa Lazkano taldekidearekin jokatutako partiduak. Hala ere, neskek ikuskizun polita erakutsi zuten. Lehen zatian egungo senior taldea gailendu zen arren, bigarren zatian beteranoak indarrak berreskuratu eta gogor egin zuten eraso zuten saskiratze aukerak areagotuz. Hala, markagailua nahiko berdindu zen. Baina partiduaren laugarren laurdenean egungo seniorrek indarrak berreskuratu eta markagailuan gailentzea lortu zuten.
Omenaldi hunkigarria
Partiduen ostean Ainhoa Lazkanoren gurasoei omenaldi hunkigarria egin zioten. Lore sorta eta X. Omenaldirako espreski egindako giltzatako oroigarria banatu zieten. Aurten gainera, guztiak izan dira irazle. Urteroko txapelketaren ordez, festa egitea eta partidu politak eskaintzea baitzen helburua. Hala, beteranoendako Ainhoa Lazkanoren argazkia zeraman kamiseta urdinak atera zituzten eta egungo jokalariendako kamiseta txuriak.