Aho batez onartu dira 2008rako Udal aurrekontuak

Mireia Bikuña 2007ko aza. 30a, 17:59
EAJ-PNVren, Oñati Ezkerretik koalizioaren eta Alderdi Sozialistaren aldeko botoekin onartu zen urte berrirako aurrekontua: 18.005.739,48 euro. Hala, 2007ko aurrekontuekin alderatuta, datorren urtean, 10.000 euro gehiago aurreikusten dira.

Azken ordukoak

Osoko bilkura baino hamabost egun lehenago banatutako proposamenean azken orduko beste partida batzuk sartzea onartu zen pasa den egueneko bilkuran.
Oñati Ezkerretik koalizioren bi proposamen onartu ziren: gazte taldeak sustatzeko 30.000 euroko atala, eta, beste hainbeste, hiri altzari eta ekipamendurako.
Halaber, gobernu batzordeen eskariz beste diru partida batzuk  onartu ziren: bertso eskolaren 25. urteurreneko ekitaldietarako, 12.000 euro; Arantzazu Fundazioan Udalak izango duen parte- hartzeko, 60.000 euro; Gandiaga Topagunearen bigarren zatian egingo diren lanetarako, 65.000 euro; eta, aholkularitza zerbitzurako, 5.000 euro pasa. Hala, partida haiekin aurrekontua 202.022 euro gehitu da.

Inbertsioak

Hauek dira 2008rako aurreikusten diren inbertsiorik nagusienak: garraio publikoaren sustapena, bide gorrien sarea hedatzea, irisgarritasuna bultzatzea, Urrutxuko lur kutsatuen egokitzapena, Errekalde eta San Lorentzo auzoen birgaikuntza lanei hasiera ematea,  ludoteka egin eta zerbitzua martxan jartzea, eta, etxebizitza tutelatuak eta larrialdietarako etxeak, besteak beste. Halaber, Oñatin genero indarkeriaren diagnostikoa egin eta protokolo bat zehazteko lana ere egingo da, eta auzoetako jaietarako diru atala bikoiztu egin da.

Gastuak

Gastuen atalean berriz, aldaketa nagusienak bost ataletan emango dira: Idazkaritza-Hazienda batzordean, Garapen Ajentzian eta Kirol Batzordean diru partida orokorrak murriztu egiten dira eta Hirigintza eta Zerbitzuetan egokitze bat egiten da.
Orokorrean, datorren urteko aurrekontuen arabera, sarrera arruntak, gastu arruntak eta amortizazioak baino gehiago igoko dira. Horrek, inbertsioetarako autofinantzaketa kapazitatea handituko du, eta hori bereziki oso positiboki baloratu zuen udal kontu hartzaileak.

Bozketa

Osoko bilkuran parte hartu zuten guztiek onartu zituzten 2008ko presupuestoak. Hori bai, Oñati Ezkerretik eta PSE-ko zinegotziak, pitin bat UDALBIDE elkartearen izenean jarritako 15.000 euroko partidarekin ados ez zeudela argitu ondoren.
Oñatiko EAE-ANV-ko bozeramale Marijo Altubek galde erreguen atalean azaldu zuen ordurako  onartuta zeuden aurrekontuen inguruko taldearen iritzia. Aurrekontuen aldeko edo kontrako jarrerarik agertu gabe, Oñatin "bigarren indar politikoa kontutan hartu gabe" onartu zirela esan zuen. Alde horretatik "herrian bizi den apartheid egoera" salatu zuen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak