Ademar Leonek Asobal Kopa zergatik irabazi duen erakutsi du Zubikoan

Arantzazu Ezkibel Galdos 2009ko ots. 1a, 18:09
Lehenengo mailako eskubaloia izan genuen zapatuan Oñatiko Zubikoa kantxan. Abenduan Asobal Kopa irabazi berri duen Ademar Leon taldea eta Eibarko Arrate nor baino nor gehiago ibili ziren; azkenean, baina, Leongo taldeak bere nagusitasuna erakutsi zuen eta inongo arazo barik gailendu zitzaion Arrateri (27-35).

Eskubaloiko Mundiala jokatu dute Kroazian egunotan; hala, Asobal ligan atsedena izan dute. Hori aprobetxatuz, lagunarteko partidua jokatu zuten Oñatin. Bi taldeak indartsu kantxaratu ziren: ondorioz, lehenengo minutuetan markagailua nahiko parekatuta egon zen. Hala ere, Jordi Riberak zuzentzen duen taldea beti izan zen markagailuan aurretik. Leongo taldeak hobeto kudeatu zituen selekzioekin hautatuta zeuden jokalarien gabeziak.

Atsedenaren ondoren, Eibarko taldeak behera egin zuen intentsitatean. Erasoan baloi asko galdu zituzten eta aukera horiek aprobetxatu zituen Leonek markagailuan aldea handitzeko; 15. minuturako 16-27 aurretik ziren. Amaierako emaitza 25-37 izan zen Leongoen alde.

Ligari begira

Partidu amaieran Ademar Leon taldeko Julen Aginagalde irundarrak adierazi zigun taldea ondo ikusi zuela: “Nahiko ondo ikusi dut taldea. Astebete falta da liga berriro hasteko eta taldea indartsu dago.Nahiko denbora izan dugu partidua gertatzeko; internazional gutxi ditugu eta taldea momentu onean dagoela uste dut”.

Igor Moiua oñatiarra

Bestelako iritzia zuen Igor Moiua eibartarrak: “Liga oso gaizki hasi genuen, partidu asko galdu genituen eta orain buelta ezin emanda gabiltza”. Esan behar da, Moiuaren aita oñatiarra dela; hori dela-eta, partidu hasieran aipamen berezia egin zioten Moiuari.

Oroigarriak

Partiduaren hasieran, Oñatiko alkate Lourdes Idoiagak eta Turismo zinegotzi Ernesto Murgiondok oroigarri bana eman zieten talde bakoitzeko arduradunei. Gainera, esan bezala, aipamen berezia jaso zuen Moiua Arrateko atezainak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak