Iaz, gutxienez hamabost egunetan denda zabaldu zuten guztiek 600 euro jaso zituzten laguntza modura. Aurten, merkatariendako dirulaguntzen deialdiak hiru aldaketa ditu iazkoarekin alderatuta: alde batetik, abuztu osoan goizean eta arratsaldean zabaltzen dutenek laguntzaren %100 jasoko dute; beste alde batetik, goizean eta arratsaldean, baina hamabost egun bakarrik zabaltzen dutenek %55eko laguntza jasoko dute. Azkenik, hil osoan baina goizez zabaltzen dutenek laguntzaren %45 jasoko dute.
"Aldaketak egin ditugu, jakinik iaz merkatari batzuek negozioa zabaldu baina laguntza barik geratu zirela. Baldintza berriekin, aukera gehiago ematen diegu merkatariei eta norberak ondoen datorkion ordutegia aukeratu du. Iaz baino 27 merkatari gehiagok eman dute behin-behineko izena. orain ikusi beharko dugu zenbat animatzen diren negozioa zabaltzera", esan digu alkate Lourdes Idoiagak.