Debagoieneko ordezkaritza zabala izan da Ongi etorri azokan: Ana Heriz, Mankomunitateko turismo teknikaria; Ikerne Altube Oñatiko Turismo eta Garapen Agentziako gerentea; eta, Iñaki Igartua Oñatiko Turismo bulegoko arduraduna izan dira Irunen. Mankomunitatea ordezkatzen egon dira. Iñaki Igartua pozik azaldu da azokak izan duen erantzunarekin: “Aurtengoa lehenengo esperientzia da eta oso pozik gaude izan duen erantzunarekin. Jende asko hurbildu da gure eskaintza ikustera”.
Igartuak azaldu du Mankomunitateak eraman duen eskaintzaren nondik norakoak: “Oñati, Hiru tenpluen ibilbidea, Arrikrutz eta Debagoieneko turismo eskaintza aurkeztu dugu, batez ere”. Hiru tenpluen ibilbidean, Arantzazu, Antigua eta Loiola aurkeztu dute.
Koben eskaintza
Igartuak azpimarratu gura izan du: “Frantsesak oso kontsumitzaile interesgarriak dira; batez ere, koben kontsumitzaile onak dira”. Hala, Oñatiko Arrikrutz koben eskaintzak berebiziko garrantzia hartu du FICOBAn.
Azokaren helburua, iparraldeko jendeari Gipuzkoako turismo eskaintza erakustea izan da. Igartuak dio, iparraldetik etortzen dela jendea baina oraindik “garatu gabe” dagoen merkatua dela.
Bestalde, Debagoieneko turismo promozioaren hirugarren fasea amaitu dutela esan du Igartuak: “Lehenengo Madrileko FITURen egon ginen, gero Bartzelonan eta orain FICOBAn”.
FICOBA datutan
2003ko urriaren 9an ireki zituen ateak FICOBA erakustazokak irunen; eta, Donostia-Baiona eurohiriaren erdian kokaturik dago. Instalazioak 70.000 metro koadroko azalera dauka. Aurten, lehenengoz antolatu dute Ongi etorri azoka. Guztira 65 erakusmahai jarri dituzte FICOBAn.