‘Bidaurreta txikia’ monasterioa inauguratuko dute Korean

Arantzazu Ezkibel Galdos 2008ko ira. 5a, 11:27
Egun berezia izango da hilaren 8a Oñatiko Bidaurreta Monasterioan. Izan ere, Hego Korean, hain zuzen Inchon elizbarrutian, Bidaurretako mojen laguntzarekin eraikitako Monasterioa inauguratuko dute. 'Bidaurreta txikia' izenaz ezaguna da.

Bidaurretako monasterioan hainbat urte eman dituzten Sor Gema Maria eta Sor Maria Magdalena izan dira monasterio berriaren sortzaileak. 2000. urtean, Inchon elizbarrutiko gotzainak gutun bat bidali zuen Bidaurretara. Han zioen Inchonen lehenengo kontenplarien monasterioa sortzekotan zebiltzala; eta Oñatin zeuden moja korearren laguntza eskertuko zuela. Oñatiko moja korearrek baiezkoa eman zuten eta Monasterioa egiten hasteko behar ziren tramite guztiekin hasi ziren.

Frantziskotarren babesa

Moja korearrak 2002. urtean abiatu ziren Koreara. Hasiera batean, Bidaurretako Sor Maria Jesus Odriozola abadesaren laguntza izan zuten Korean. Lehenengo hilabeteak gogorrak izan baziren ere, Korean zeuden frantziskotarren babesa izan zuten mojek; batez ere, Jose Maria Beitia eta Jose Murguzur oñatiarrena.

Zortzi ahizpa

Monasterioa sortzeko jaso duten laguntzen artean, besteak beste, oñatiarrek emandakoa azpimarratu gura izan dute Bidaurretako mojek. “Koreako lurrean Bidaurretaren landaretxo berria sortu da; eta, era harrigarrian loratu da, dagoeneko zortzi ahizpa baitira Komunitatean”, diote Bidaurretan.

Ospakizunak bidaurretan

Koreako monasterioaren inaugurazioa astelehenean izango da; hala, aste bukaerarako hainbat ekintza antolatu dituzte Bidaurretan. Jose Murguzur frantziskotarrak hango berri emango du zapatuan eta domekan. Bestalde, domekan, 19:30ean, Ganbara Txiki abesbatzak eta Jose Manuel Uriagereka frantziskotarrak kontzertua egingo dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak