2010erako Udal aurrekontua %14,39 txikiagoa izango da

Txomin Madina Milikua 2009ko abe. 23a, 14:54
Gaur arratsaldean egingo duten osoko bilkuran onartuko ditu Udalak 2010erako aurrekontuak. Denera, 15,8 milioi euroko aurrekontua prestatu du udal gobernuak, iaz baino 2,6 milioi euro gutxiago.

Sarrera eta gastu arruntek ere behera egin dute: 12,9 milioi euro izango dira, 2009an baino milioi erdi euro gutxiago.

Aurrekontua aztertzerakoan, Lourdes Idoiaga alkateak azaldu du funtsezkoak izan direla bai Foru Fondoaren eta baita hirigintza inguruko aprobetxamendu eta esleipenen jaitsierak, denera 1,5 milioi euro ingurukoak izan direnak.

Aurrekontua lantzeko orduan, gizarte zerbitzuak mantentzea, enplegu plan berria finantzatzea eta zorpetzea inbertsioetarako izatea izan dira irizpide orokorrak.

Hala, iaz zorpetzeko eskatutako kreditua 700.000 eurokoa izan bazen, aurten 2.200.000 euroko kreditua eskatuko da. Inbertsioen partida erdira jaitsi da. Alkateak azaldu duenez gainera, 2008an eta 2009an aurrez finantzatutako lanak ere burutuko dira. Hala, besteak beste inbertsioekin San Lorentzo, Errekalde eta Roke Azkune auzoak eraberrituko dira; bizikleta sareari lotutako herri barruko mugikortasun konpromisoarekin jarraituko da; Osasun Zentroaren irisgarritasun planarekin jarraituko da;  eta Ibarrako urbanizazioa egingo da.

Idoiagak gaineratu du, lehen sektoreari diru-laguntzak bideratuko zaizkiola, Oñatiko azokan euren presentzia bermatu eta areagotzeko.

Murrizketak, gastu arruntetan

Diru partiden murrizketen inguruan galdetuta, alkateak azaldu du ura, elektrizitatea, telefonoa, garbitasuna eta diru-laguntzak bezalako gastu arruntak kontrolatu eta murriztuko direla.

Idoiagak gaineratu du zinegotzi eta teknikari guztiek lan gogorra egin behar izan dutela aurrekontu bideragarriak lortzeko. 2010erako aurrekontua duen Debagoieneko lehen herria da Oñati; alkateak adierazi duenez, urtea aurrekontu jakin batekin hasi gura izan dute, eta ez inprobisatzen. 

Gaur iluntzeko 19:30ean egingo den osoko bilkuran onartuko da aurrekontua.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak