18 milioi euroko aurrekontua onartu du Oñatiko Udalak 2007rako

Larraitz Zeberio Lekuona 2006ko abe. 13a, 09:32

Azaroaren 30eko osoko bilkuran onartu zituen Oñatiko udalbatzak 2007ko udal aurrekontuak Lurdes Idoiaga alkate denetik onartzen diren lehenengoak. 18 milioi euroko aurrekontua da. Udalaren zorpetze maila %13an kokatzen da orain

EAJ eta Earen aldeko botoekin onartu zen aurrekontua. Ezker Batuak eta PP alderdiek kontrako botoa eman zuten. PSOEko ordezkariak ez zuen plenoan parte hartu eta Ereittenek kontrako iritzia azaldu zuen galde-erreguen tartean.

Iazkoa baino handiagoa

Ia 18 milioi euroko aurrekontuaz ari gara, iazkoa baino %4,81 handiagoa. Aurrekontu egitasmo orekatua da, sarrerak eta gastuak parean dituena baina horretarako 1,3 milioi euroko mailegu berria hartzea aurreikusten du. 2006ko inbertsioei aurre egin ahal izateko atera behar izan du Udalak mailegu berri hau. Honela Udalaren zorpetze maila igo egiten da %13an kokatuz.

Diru banaketa

Euskara eta Hezkuntza batzordeak jaso du igoera handiena, %34koa. Gora egin dute aldi berean Kultura eta Kirolak batzordeek. Lehenengoak %22 egiten du gora eta bigarrengoak berriz %17.

Behera egiten dutenen artean Garapen agentzia edo turismoa. Joan den aurtean jasotako aurrekontuaren erdia jaso du aurtengoan. Nekazaritza eta auzoak batzordeak ere diru gutxiago jasoko du. Ia %23 gutxiago.

Proiektuak amaitzea

Hala, 2007an hainbat proiektu amaitzea da gobernu taldearen asmoa: Arrikrutzeko kobak, kiroldegi berria edota lur-azpiko aparkalekuak. Egitasmo berrien artean Herritarrendako Arreta Zerbitzua nabarmentzen da. Hirigintza arloan harriko altzarien mantenimenduaz eta ustekabeko matxurak konpontzeaz arduratuko den brigada eratuko dute. Udaltzain zerbitzua, aldi berean ostiral eta larunbat gauetara lehenbailehen zabaltzea da asmoa.

Eskaerak

EAJ-EA koalizioaren botoekin onartu da aurrekontu hau. PPk udalaren zorpetze maila altuegia dela adierazi du. Ezker Batuak 18 urtetik gorako gazteendako aisialdirako guneak aldarrikatu ditu eta ausardi handiagoa eskatu du gaztetxearen gaiari irtenbidea emateko. Ereittenek etxebizitza hutsei buruzko azterketa eskatu du. Aldi berean herriko musika taldeendako laguntza gehiago, herriko nahiz eskualdeko komunikabideen aldeko bultzada eta auzoetako jai batzordeei dirulaguntza gehiago eskatu ditu. Abandonatuta dauden kirol guneak egokitzeko ere eskatu du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak