160 parte hartzailetik gora Oñatiko Shotokaneko 14. Txapelketan

Miren Arregi Amasorrain 2008ko api. 13a, 16:08
Parte hartzaile eta ikusle ugari bildu ziren zapatuan Oñatin jokatu zen Shotokaneko 14. Txapelketan. Oñatiko Shotokan taldeak antolatu zuen txapelketa eta arrakasta izan zuen, parte hartzaileen eta Zubikoa kiroldegian bildu zen jende kopurua kontutan izanda. Guztira 160 ume eta gaztetxo aritu ziren Shotokan modalitateko ariketak egiten. Antzuolako, Eibarko, Bergarako eta Oñatiko neska mutikoak aritu ziren lehian.

160 ume eta gaztetxo aritu ziren zapatuan nor baino nor Oñatiko Zubikoa kiroldegian, han jokatu zen Shotokaneko 14. Txapelketan. Zortzi eta hamalau urte bitarteko karateka gazteek diziplina honetan lezio bikaina eman zuten, guztiek ere maila oso ona erakutsiz. Debagoieneko Shotokan taldeek antolatutako topaketan, Antzuolako, Eibarko, Bergarako eta Oñatiko gaztetxoek hartu zuten parte. Debagoiena osotik joanak,  Zubikoa kiroldegiko harmailetan bildu zen jendetzak urduri ipini zuen parte hartzaile bat baino gehiago, baina guztiek ere, urduritasuna eta oztopoak baztertuz, lan ona egin zuten.

 

Hiru kategoriatan lehiatu ziren; benjamin, alebin eta infantiletan  hain justu. Kategoria bakoitzean lehian, bai mutilak eta baita neskak ere. "Geroz eta neska gehiagok egiten dute Shotokana. Maila ona erakutsi dute eta gainera, mutilak baino finagoak dira lanean" azaldu du Joxean Iñarrak, Bergarako Shotokan elkarteko irakasleak. Zozketaz erabaki zuten nork egin noren kontra. Behin arerioak zehaztuta, bat gerriko urdinarekin eta bestea gorriarekin, Katamira (lauki) gainean ipini eta bertan, banaka, Karateko hainbat forma ongi egitean zegoen gakoa. Euskadiko federazioko kideek osatutako epaimahaiak erabakitzen zuen bietatik zein pasatuko zen hurrengo fasera.  Finalera iritsi ez zirenak, berriro lehiatu ziren euren artean, kategoria bakoitzeko hirugarren postua eskuratzeko. Antolatzaileak pozik gelditu ziren zapatuko saioan parte hartzaileek erakutsi zuten mailarekin eta baita han sortu zen giro politarekin.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak