1542ko Oñatiko hitzarmena antzeztuko dute jaietan Makalena elkartekoek

Arantzazu Ezkibel Galdos 2009ko eka. 26a, 15:21
Oñatiko Makalena elkarte gastronomikoaren antzerki taldea antzezlan berri bat prestatzen dabil. Hasi dira lanean, eta San Migel jaietarako XVI. mendeko Oñati erautsiko dute ikuskizun batean. '1542ko Oñatiko hitzarmena' izango da lanaren izenburua. Antzerkia eta elkarte gastronomikoa bereizteko, gainera, Olaiturri kultur elkartea sortu berri dute.

Makalena elkarteko kideak 1979an hasi ziren herri antzerkiarekin. Ordutik zortzi ikuskizun prestatu dituzte, beti ere euskaraz. Aurtengo jaietarako, XVI. mendeko Oñati irudikatu gura dute. Horretarako, 1542ko Oñatiko hitzarmena prestatu dute. Testua Inazio Irizar eta Gerardo Elortzak egin dute, Oñatiko euskaraz. Musikaren ardura, ostera, Iñaxio Ibarrondok izan du.

Dirua Argentinarako

70 lagunek parte hartuko dute ikuskizunean; taulara gainean 24 lagun ibiliko dira, eta gainontzekoek musika, koruak, jantziak… egingo dituzte. Oraindik eguna eta ordua zehaztu barik duten arren, Oñatiko jaien inguruan egitea da asmoa. Sarrera doakoa izango den arren, dirurik irabaziko balute Argentinako Jose C. Paz herrira bideratuko lukete irabazitakoak. 

Olaiturri kultur elkartea

Prentsaurrekoan jakinarazi zuten, gainera, Olaiturri kultur elkartea sortu berri dutela. Helburua da Makalena elkarte gastronomikoaren eta antzerki taldearen kontuak bereiztea. Azpimarratu zuten, edozein herritarrek parte hartu ahal duela kultur elkarte berrian, ez duela zertan Makalenekoa izan behar.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak