15.922 euro banatuko ditu Udalak kultur eta gazte taldeen artean

Mireia Bikuña 2010ko urt. 14a, 16:59
Hain zuzen ere, 12.773 kultur taldeen artean, eta gainerakoa, gazte taldeen artean. Jasoko duten diru kopurua 2009rako Udalak zehaztu zuen aurrekontuaren erdia da. Gainerako %50a, uztailean, oporren aurretik jaso zuten.

Bost abesbatza

Kultur taldeendako laguntza zortzi talderen artean banatuko dute, eta bakoitzak urte osorako aurkeztutako ekintzen arabera jasoko dute dirua. Beste behin, Oñatz Dantza taldeak jasoko du diru gehien. Guztira, 4.606 euro jasoko du.
Musika taldeek ere euren laguntza izango dute. Ganbara Txiki eta Txikitxo abesbatzen artean 3.120 euro banatuko dituzte. Beste abesbatza batzuek ere jasoko dute Udalaren laguntza: hain zuzen ere, parrokiako bi abesbatzek eta Oñati Abesbatzak. Elizkizunetan egiten duten lana eskertzeko eta hobetzen laguntzeko, parrokiako emakumeen abesbatzak ia 300 euro jasoko ditu, eta gizonezkoenak ia 600. Azkenik, Oñati Abesbatzak 1.521 euro hartuko ditu.

Pintura eta argazkilaritza

Bestalde, herrian pintura eta argazkilaritza sustatzeko egiten duten lanagatik laguntza jasoko dute Oñart pintura taldeak eta Ilunpetan argazki taldeak. Hain zuzen ere, Oñart-ek 868 euro hartuko ditu, eta Ilunpetan-ek 825 euro. Azkenik, herrian egoitza ez duen arren, idazten dituen liburuengatik, Eusko Ikaskuntzak 933 euro jasoko ditu.

Diskoa grabatzeko laguntza

Bestalde, herriko gazte taldeek urteko laguntzaren bigarren zatia jasoko dute. Hain zuzen ere, Potemkin, Show Business eta Black River taldeek 1.050na euro jasoko dituzte. Hiru taldeek disko berriak grabatu ahal izateko dirua eskatu zuten. Izan ere, ekintza ezberdinak egin ahal izateko laguntza eskatu zezaketen; besteak beste, urteko programazioa egiteko; elkarteen sustapenerako; kultur sormenerako; materialaren erosketarako eta eraberritzerako; eta ez-ohiko jardueretarako. Talde bakoitzak egindako jardueraren gaineko txosten grafikoa aurkeztu behar izan du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak