Lurdes Idoiaga Oñatiko alkatea izan da asten honetan GOITBko Debarri programako gonbidatua. Alberto Gorritiberea aurkezleak eta herritarrek egindako galderak erantzun ditu han.
Lapurretak
Joan den astean gertatutako lapurretaz kezkatuta galdetu zion herritar batek alkateari. Lurdes Idoiagak azaldu zuenez, kargua hartu eta gutxira batu zen bera herriko dendariekin eta egin zuten berba arazo horretaz. Egun osoan udaltzainak egotea bide bat izan daitekeela onartu zuen, baina alarmak jartzeko apustua bultzatu gura dute. "Udalak %85eko finantziazioa ematen du alarmak jartzearren, muga 200 eurokoa izanda. Aurretik jarrita zutenei ere %50eko laguntza emango dio. Joan den martxotik ona 32 denda eta tabernek jarri dute alarma", esan zuen alkateak. Asmoa dute 2007an zapatuan egun osoz eta egubakoitz gauetan ere udaltzainak egotea.
Auzoak
Auzoei buruz ere hitz egin zuen alkateak. Olabarrieta, adibidez, hiribarrua dela jaso dute onartutako azken arau subsidiarioetan. Bestalde, "terrenoetan etxeak egiteko baldintza zehatzak daude, bete beharrekoak, baina guk auzoetan nukleo txikiak egitea ere pentsatu dugu. Berpiztu programa ere martxan dugu", gaineratu du Lurdesek.
Kiroldegia eta Arrikrutz
Kiroldegiko lanak datorren otsaila inguruan amaituko dituztela esan du alkateak Debarrin eta gero hasiko direla ekipamendua sartzen. Pareko bidea ere lanak bukatutakoan zabalduko ei dute. Arrikrutzeko lanak berriz, udarako bukatu dituzte. "Saneamendua eginda dago, instalazio elektrikoa, soinuarena eta kanpoko pasabidea ari dira egiten. Barruan entzungo den ipuina Patxi Zubizarreta ari da prestatzen eta musika, Txema Garzesena izango da. Lehoiaren eta artzaren erreplikak ere egongo dira", aurreratu du alkateak. Lanekin jarraituz, Kalegoienako 188 aparkalekuez gain, kiroldegian beste 120 eta Olaiturrin beste 144 egingo dituzte. Egun, ia 10.800 biztanle eta 5.800 auto ditu Oñatik.
Herritartasun arautegia
Herriko iturriak txukundu eta zaintzeko proposamena egin zion alkateari herritar batek. Idoiagak erantzun zion ados dagoela berarekin baina denok ikasi behar dugula kaleak txukun izaten. "Garbitzaileak garbituko dituzte bazterrak, baina herritarroi ere badagokigu inguruak ez zikintzea. Horri lotuta, herritartasun arautegi bat egitea komeniko litzateke, elkarren arteko errespetua hobetzeko: zaratak, zikinkeria, txakurren kakak eta antzerakoak arautzeko. Ez dago, agian, zigorrik jarri beharrik, baina bai jakin zer dagoen ondo eta zer ez", esan du Oñatiko alkateak.
Ludoteka eta toki estaliak
"Lau pareta baino, hobe da ekintzak kudeatzen dituzten egoera dinamiko bat sortzea. Horren arabera jarri daitezke lokalak. Hala ere, datorren urteko aurrekontuetan diru kopuru bat gorde da ludotekarako", esan du Lurdes Idoiagak.