Ganbara Abesbatzak maila bikaina erakutsi du Tolosako Abesbatzen lehiaketan

Maider Arregi 2006ko aza. 2a, 13:14
Adituek diotenez Tolosako Abesbatzen 38. lehiaketa azken urteotako onena izan daiteke. Atzo, azaroak 1, eman zitzaion hasiera eta larunbata, azaroak 4, bitartean, kalitate handiko eta herrialde askotako abesbatzarik onenak entzuteko aukera izango da. Igandean, azaroaren 5ean, izango da sari banaketa.

Lehiaketak izango dituen bi euskal ordezkariak entzuteko aukera izan zen atzo, azaroak 1: Gasteizko Vocalia eta Oñatiko Ganbara abesbatza. Tolosako Leidor Antzokia bete egin zen. Ukrainiako Nikolaeven emakumezko abesbatza akademikoak eman zion hasiera aurtengo ekitaldiari eta emakumezkoen beste talde batek itxi zuen: Vocaliak.

Oñatiar asko entzuleen artean, Udal ordezkari mordotxo bat tartean. Entzule eta Ganbara abesbatzaren artean sortutako harreman beroak bidea egiten lagundu zien kantariei. Poliki-poliki giroan sartuaz interpretazioen maila hobetuaz joan ziren polifoniako saio bikain batekin amaitzeko. Folklorea izan ohi da Oñatiar abesbatzak bereiztu izan duena. Folkloreak lagundu zien Espainiako sari nazionala irabazten eta folkloreak eman zien Mariborreko 8. nazioarteko jaialdian lortutako saria. Tolosan berriz, Folklorean emandako maila ona gaindituaz Polifoniako bikainera iritsi ziren.

Maila altua

Alemaniako Kammerchor der Musikhochschule Manheim abesbatzak ahots bikainak eta teknika ona erakutsi zien entzuleei. Partiturak utzi gabe lan egin zuen talde bakarra izan zen. Gizonezkoen ahotsak azpimarratu behar dira. Maila goreneko taldea, oso konpaktua eta diziplinatua.

Frantziako Mikrokosmos izan zen ahots nahasien mailan lehiatu zen beste taldea. Maila handiko taldea, alemanek lortu ez zuten harremana lortu zuten entzuleekin. Barietate handiko saioa eskaini zuten, talde txikian nahiz abesbatza osokoan kantatuaz, teknika eta entretenimendua lotuz.

Bulgariako Te Deum Adoramus izan zen emakumeen ahotsetan lehiatu zen beste abesbatza. Abesbatza ona, baina oso urruti Vocaliaren berotasun eta adierazkortasunetik.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak