Alderdi gehienak
Gizarteko sektore gehienetako 300 gonbidatutik gora eta alderdi popularra izan ezik, alderdi guztietako ordezkariek eman zioten babesa zentro berriari. Lehen egitekoa bakegintzarako mila boluntario heztea izango da, gizartean indar biderkatzailea izan dezaten. 2008 urtea izango da horretarako lehen epea.
Jonan Fernandezek aurkeztu zuen egitasmoa. Baketiken emango diren gatazken lantze etikorako ikastaroetan 1.000 lagun hezi gura dituzte, familia barruan, elkarte baten, eskolan zein egunerokotasunean erabili ahal izateko. Izenematea dagoeneko zabalik dago. Ibarretxek ere hartu zuen hitza zapatuko aurkezpen ekitaldian eta adiskidetzerako erronka bat ezarri zuen: "indarkeriaren eta amorruaren hormarik gabe elkarri begietara begiratzekoa".
Elkarrizketaren alde
Hitzaldirik itxaropentsuena Federico Mayor Zaragozarena izan zen. Hark XXI. mendeko erronka etikoak azaldu zituen. Ezarpen guztietatik ihes eginda, elkarrizketaren aldeko hitzaldi kementsua egin zuen Unescoko idazkari orokor ohiak. Gatazkan arerioa pertsona eta berdin moduan tratatzeko apustua egin behar dela azaldu zuen Mayor Zaragozak, eskubide berdinak aitortuz eta "biktimak kontutan hartu eta eskubiderik gorenena, hau da, bizitzarako eskubidea" errespetatuz. Txalo zaparrada jaso zuen hizlariak ordu erdi iraun zuen berbaldia amaitu bezain laster. Hitzaldi arrakastatsua izan zen harena.
Instalazioei bisita
Ekitaldiaren ostean Gandiaga Topagunean Baketikek dituen instalazioak ikusteko aukera izan zen. Orduan ere luntxa egon zen Arantzazuko gaztarekin.