Herriko ermiten egurrezko erreplikak daude ikusgai kultura etxean

Oihana Elorza Gorostiza 2006ko ira. 19a, 11:23
Herriko ermiten eta dorretxeen erreplikak eta maketak egin ditu egurrean Joxe Urtzelaik eta erakusketa zabaldu dute lan horiekin kultura etxean. 24 erreplika (ermita, eliza eta parrokiena) eta bost maketa (dorretxeena eta udaletxea) daude.

Pirograbatua, egurra erretzea, teknika erabilita egin ditu Joxe Urtzelaik Oñatiko ermita eta parrokien egurrezko erreplikak. Pagoa, samba eta koto egurrak erabili ditu eta alanbrea eta pintura detaileak egiteko.

Madalenakoa da Joxe eta hango ermitaren erreplika da egin zuen lehena. Zubillagakoa, Koixkarkoa eta Torreauzokoa egin zituen gero eta kalera hurbildu ahala herriko ermita, eliza eta parrokia guztiak egin ditu azkenean: 24.

Udaletxeak lan gehien

Dorretxeen eta udaletxearen maketak ere egin ditu eta udaletxea egitea beste edozein baino denbora gehiago kostatu zaio: urtebete. Detaile guztiekin egin gura izan du eta maketan ikusten dira adibidez: usoak, munizipala, txistulariak, umeak dantzan eta arkupeko bankoan eserita egoten diren aitonak. Dorretxeen maketak ere egin ditu, Zumeltzegikoa edo Garibaiko dorretxeena adibidez.

Egun 81 urte ditu Joxe Urtzelaik eta 67 urte zituenean hasi zen erreplika hauek egiten. Orain arlo horretan ere erretiroa hartu duela aitortu du.

Erakusketa zabalik

Joxek egindako lanak kultura etxeko erakusketa gelan ikusi daitezke irailaren 28a arte. Ordutegia da, egunero: 18:30etik 20:30era.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak