300 mila euroko laguntza berria onartu du Aldundiak San Martin egoitzarako

AstelehenekoGoienkaria 2006ko ira. 11a, 10:40
Aldundiak beste 300.000 euroko partida onartu du Oñatiko San Martin egoitza eraberritzeko. Lanon kostua 1.462.127 euro da eta Aldundia 782.431 euroren kargu egingo da. Dagoeneko 482.431 euro inbertitu ditu foru erakundeak eta 2006-2007 urtealdian gainontzeko 300.000 euroak inbertituko ditu. Gainerako inbertsioa San Martin egoitzako fundazioak egingo du.

San Martin egoitzan egiten diren lanak dira, besteak beste: hirugarren eta laugarren solairuak egokitu eta hirugarrenean, dementzia arazoak eta portaera-desorekaren bat duten 15 erabiltzailerendako tokia izango duen psikogeriatria unitate bat sortu. Unitate horrek 11 logela izango ditu. Eta guztiek bainugela izango dute. Gainera, unitateak jangela bat izango du, eta baita atsedenerako eta ekintzetarako gune bat, erizain gela, bi komun, profesionalen gela eta kontrolerako gunea ere.

Egoitzako iturrien esanetan, urtea amaitu aurretik bukatuko dituzte lanok.

Araudia betetzeko laguntzak

Diru laguntza horiek Foru Aldundiak 2008. urterako duen planaren haritik datoz, Gipuzkoako egoitza guztiek indarrean dauden araudiek ezartzen dituzten baldintzak bete ditzaten. Baldintza horiek direla-eta, logelak handitu, oztopo arkitektonikoak kendu, banakako logela gehiago jarri, elektrizitate sistemak hobetu eta suteen aurkako neurriak jarriko dira, besteak beste.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak