Oñatiko kiroldegia eraberritzen ari dira

Maialen Gonzalez 2006ko uztailaren 26a

Pabiloi berri bat eraikitzeaz gain, oraingo kiroldegiaren barruan ere aldaketak egiten ari dira. Berrikuntza hauek udaberri parterako prest egongo direla aurreikusten dute.

Oraingo kiroldegiaren ondoan eraikitzen ari dira pabiloi berria izango dena. Gerardo Eskarza, kiroldegiko zuzendariak esan digunez, kiroldegiaren ondoan terrenoa dute, eta horrek ahalbidetu du bi eraikinak ondoan egotea.

Eraikin berriaren bitartez, kirol zerbitzuak gehituko dira. Horrela, beste kantxa bat, 7 aldagela eta bi gimnasio jarriko dituzte. Horrez gain, bi pabiloien artean kafetegi bat kokatuko dute, bi eraikinak batuko dituena.

Bestalde, oraingo kiroldegian ere eraberritze planak jarri dituzte martxan. Izan ere, aldagelen barruan aldaketak egiten ari dira, jendearentzat toki gehiago ipiniz. Berrikuntza hauek abuztuko bigarren asterako bukatuta egongo direla aurreikusten dute.

Eguzki plakak teilatuan

Honetaz gain, teilatuan eguzki-plakak kokatu dituzte. Plaka hauek pistinako ura berotzeko, energia hartzeko eta ur beroaren berotasuna aprobetxatzeko erabiliko dira. Ondorioz, orain dauden galdarak aldatu beharko dituzte. Zerbitzu hauetako batzuk martxan daude dagoeneko, eta besteak irailerako prest egongo direla aurreikusten dute.

Beste alde batetik, igerilekuaren ordutegia zabaltzea erabaki du Udal Kirol batzordeak. Hain zuzen ere, urritik aurrera goizeko 7:30etan zabalduko dute, orain baino ordu eta erdi lehenago.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak