Alec Reid apaiz katolikoa eta Harold Good apaiz protestantea mahai berean eseri ziren atzo Arantzazun, Irlandan bakea lortzeko bitartekaritzari buruz hitz egiteko. Euren herriko bake prozesuan izandako esku-hartzeagatik dira ezagunak kleriko biak eta IRAren desarmearen lekuko izan ziren. Atzoko saioan argi utzi nahi izan zuten, baina ez direla etorri lezioak ematera, urtetan Irlandako kaleetan bizi izandako historia eta esperientziak elkarbanatzera baizik.
Harold Goodek
Harold Goodek bere kasuan bake prozesuan murgiltzeko arrazoiak zeintzuk izan ziren azaldu zuen: Irlanda iparraldekoa zuen aita, eta hegoaldekoa ama. Bera Irlanda osokoa zela senti zedin lortu zuten, nazionalisten nahiz unionisten beldurrak ulertaraziz. Maitasunean, justizian eta esperantzan sinisten duela adierazi zuen, eta ondorengoei bakean bizi den komunitate bat utzi nahi diela gaineratu.
Alec Reid
Alec Reid hainbat bonbardaketen lekuko izan zen 60ko hamarkadan Belfasteko monasterio batean zela. Biktima errugabe baten familiaren sufrimendua gertutik ezagutu zuen, eta jendeak ez zuela hala bizi behar pentsatu zuen. Horren ondotik, gatazka kaletik atera eta mahai batera eramateko beharra ikusi zuen. IRAk armak uztea lortu gura zuten berak eta bere kideek. Hori lortzeko 20 urte pasa behar izan direla ikusita dio gaur dakien guztia jakin izan balu orduan aski liratekeela 2-3 urte. Jasotako esperientziak erakutsi dio duintasuna eta alderdi guztien arteko elkarrizketa direla gakoetako batzuk. Euskal Herriko gatazkari buruz adierazi zuen, uste duela sei hilabete eta urtebete artean posible izango dela akordio batera iristea.
Jose Maria Setien
Atzoko saioan esku hartu zuen Jose Maria Setien Donostiako gotzain ohiak ere. Gobernuari eta ETAri malgutasuna eskatu zien akordio batera ailegatzeko. Bere ustez, ezinbestekoa da Batasuna mintzakideetako bat izatea prozesu honetan, eta onartu egin behar da existitzen dela eta baduela ordezkaritza bat. Gatazkaren izaera politikoari ere egin zion erreferentzia, esanez batzuentzat ez dela aski ETAren biolentzia desagertzearekin, Euskal Herriaren eskubideen aitorpen faltak bakeaz hitz egitea eragotziko dielako.