Kanpotik etorritako herritarrak omenduko dituzte asteburuan

Moraleja, Macotera eta Valtierrakoak dira kanpotik etorritako gehienak. Domeka eguerdian, jaki dastatzea eta artisau erakustaldia egingo dute plazan.

Beste herri batzuetatik Oñatira lana egitera eta bizitzera etorri diren herritar guztiak omenduko ditu asteburuan Oñatik. Erroldari begiratuta, hiru herri hauetakoak dira etorkin gehienak: Extremadurako Moraleja, Gaztela-Leoiko Macotera eta Nafarroako Valtierra. Hiru herri horietan jaiotako oñatiarrak ibili dira, Anaitze batzordeko eta udaleko ordezkariekin batera, asteburuan egingo duten jaialdia antolatzen.

Zenbat aldatu den Oñati!

Moralejan jaio diren 74 lagun bizi dira Oñatin. Isidro Palacin da horietako bat. "Gure aita etorri zen lehenengo Oñatira, lan bila. Zubillagan aurkitu zuen lana eta urte pare bat barru, ama eta hiru anaia etorri ginen. Nik bi hilabete baino ez nituen; arreba hemen jaioa da".

Macoterako Remigio Cuesta ere lanagatik etorri zen Oñatira duela 41 urte. "Zinea gustatu zitzaidan gehien Oñatitik, eguenetan, zapatuetan eta domeketan zegoen. Plazan ere egiten nuen dantza hemengo neskekin; neska, aterkia eta hirurok egiten genuen dantza egia esan, a ze nolako sirimiria egiten zuen lehen Oñatin, orain baino askoz sarriago, gainera. Hori zen txarrena. Euskara ere ez dut ikasi, baina seme alabak ikastolara joan dira, hori argi nuen".

Maria Nieves Sanchez ere ederki akordatzen da sirimiriarekin, "Valtierran ez zen horrelakorik. Duela 35 urte etorri nintzen ni eta urte guzti hauetan eguraldia ere aldatu da Oñatin". Maria Nievesen anaiak Legazpin egiten zuen lana eta oporretan berarengan etorri zenean ezagutu zuen senarra izango zena. Bere gurasoek taberna zuten Oñatin eta hantxe hasi zen lanean Maria Nieves, "jende asko ezagutu nuen horrela", dio, "hala ere saltsa askotan ibili naiz eta jendea ezagutzeko modu ona izan da hori". Ana Delia Lumbreras ere Valtierrakoa da. "Hiru urte nituela etorri nintzen eta gure amak askotan esaten zuen Oñatin hasi zela ondo jaten eta bizimodua ezagutzen" dio.

Oñatira 150 lagun datoz asteburuan

Duela hiru urte eta erdi inguru sortu zitzaien ideia horrelako omenaldi bat egiteko eta azken bi hilabetetan gogor jardun dute asteburuko plana antolatzen. 150 lagun inguru etorriko dira Moraleja, Macotera eta Valtierratik astebururako. Oñatiko familien etxeetan hartuko dute ostatu. Zapatuan elkarrekin bazkaldu eta afalduko dute eta hango eta hemengo dantzak eta abesbatzen ikuskizunez gozatuko dute. Domekan, Arantzazu ikusiko dute eta eguerdian plazan, bisitarien lurraldeetako jakiak dastatzeko aukera egongo da, baita artisauen erakusketa ere.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.