Oñatiarren egun handira milaka lagun hurreratu ziren

A.G. 2006ko eka. 19a, 10:15
Milaka pertsona batu ziren herrian Gorpuzti ospatzeko. Egun berezi horretan, Oñatikoak diren baina kanpoan bizi diren herritar ugari ere etortzen omen dira euren herrira. Goizetik iluntzera arte izan ziren ekitaldiak, baina prozesioa izan zen jende gehien batu zuena aurten ere.

9:00etan txistulari bandak eman zion hasiera egunari, batzuk oraindik etxerako bidea topatu ezinik zeuden bitartean. Izan ere, ez zen izan makala zapatu gauean egindako festa.

10:00etan Udal Musika Bandak herriko kaleak alaitu zituen eta segidan prozesioko irudiak eraman zituzten San Migel parrokiara. Ondoren, San Migel zaindari arkanjeluaren irudia eta udalbatza ere parrokiara heldu ziren eta 11:00etan urteroko meza berezia egin zuten.

12:00ak inguruan prozesioari hasiera eman zitzaion. Ehunka pertsona batu zen eliza kanpoan. Parrokiatik Ama Birjinaren irudia, hainbat santurenak, hamabi apostoluenak eta, nola ez, San Migelenak eraman zituzten sorbalda gainean herritarrek. Eguzkiak gogor jotzen zuen eta batek baino gehiagok majo sufritu zuen irudiaren pisua zela-eta. Oinatz taldeko kideak aurrera eta atzera ibili ziren kriskitinekin eta txistulari eta musikariak ere jo eta su ibili ziren herriko kaleetan zehar.

Herriko zaindaria da protagonista Gorpuzti eguneko prozesioan. Aurten ere Fernando Diaz izan da San Migelena egin duena. Duela bi urte hartu zion lekukoa 38 urtean aritu zen Joxe Errastiri. Primeran moldatu zen Diaz bere lanean. Foruen Enparantzan milaka pertsona batu ziren prozesioari amaiera emateko. Prozesioan lehenengo jaunartzea egin duten 66 neska-mutilek ere hartu zuten parte, urtero moduan.

Arratsaldean gehiago

Eguerdian Musika Bandaren kontzertua egon zen. Arratsaldeko 18:15etan Oinatz Dantza Taldeak emanaldia egin zuen Foru Enparantzan eta Korpus eguneko dantza egitarau osoa eskaini zieten hurbildutakoei. Eguna bukatzeko, 19:00etatik 21:00etara Musika Bandaren eskutik dantzaldia egon zen leku berean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak