Autobus zerbitzua indartuko dutela esan du Lurdes Idoiaga alkateak Debarrin

Oihana Elorza Gorostiza 2006ko eka. 15a, 18:04
Golf zelaiaren proiektuaz, Eteoren kokaleku berriaz, aparkalekuez, etxebizitzez, Ibarraz eta tabernen ordutegiaz ere hitz egi du.

Eguaztenean gonbidatu zuen Alberto Gorritibereak Lurdes Idoiaga GOITBko Debarri programara eta hantxe hitz egin zuten herritarrek hemen agertutako kezkei buruz.

Tranbiaren proiektuaz galdetuta, tranbia ongi etorria izango dela esan zuen Lurdes Idoiagak, "eskualdera etorri behar badu, Oñatira ere etorri behar du. Baina mugikortasuna estrategikoa da Oñatin. Tranbia 2011,2012an etorriko da Oñatira eta bitartean autobus zerbitzua indartuko dugu. Aldundiarekin egin ditugu bilerak eta iraila edo urritik aurrera inguruko herriak eta Zumarraga lotzen dituen autobus zerbitzu zirkularra jarriko dugu martxan. Donostiara eta Bilbora ere joan ahal izango gara, baina Bergaran lotura eginda". Horrez gain, Bizakibus zerbitzua Eteoko fakultatera iristea era gurako lukeela esan zuen.

Eteo aipatuta, bere kokaleku berriari buruz ere galdetu zioten herritarrek alkateari. "Oraindik larregi esatea da Eteo Ibarrara joango dela, baina egia da luzaroan ezin duela jarraitu dagoen tokian. Oraintxe ari gara aztertzen kokaleku berria zein izan daitekeen", erantzun zuen. Bestalde, Ibarraren egoera txarra dela onartuta, kirol instalazio berriaren kokalekua nahiko erabakita ei dute dagoeneko, baina oraindik ez dagoela esateko moduan esan zuen Lurdesek. Egiten ari diren kiroldegi berriko aparkaleku batzuk, 12,20 inguru, saldu egingo dituztela esan zuen eta ingurukoek lehentasuna izango dutela. Olaiturrin ere aparkalekuak egin gura dituztela esan zuen, Aldundiak lur zoru hori utzitakoan.

Golf zelaiari baldintzak

Golf zelaia Mankomunitatearen proiektua dela gogorarazi zuen Lurdes Idoiagak. Onartu zuen Aldundiak baduela interesa kirol hori zabaltzeko baina esan zuen ongi etorria izango dela baldintza hauek betetzen baditu: Udalari diru asko eskatzen ez badio, ingurugiroari kalte handia egin ez badio eta proiektuak baldintza onak baldin baditu. Beste kontu batzuei buruz, berriz, bi urteko programan 380 etxe babestu egin behar dituztela esan zuen alkateak, tabernen ordutegia luzatzearen aurka dagoela, turismoa hazten doan sektorea dela eta Arrikrutzeko proiektua martxa onean doala.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak