Euskal Eskola Publikoak milaka lagunen babesa jaso zuen

A.G. 2006ko eka. 5a, 10:13
Euskal Eskola Publikoak milaka lagunen babesa jaso zuen atzo Oñatin. Herriko erdialdean zehar banatutako zazpi gunetan, adin guztietako haurrendako eta gurasoendako hamaika jarduera gertatu zituzten antolatzaileek.

Aurten, gainera, Oñatiko parajeak aprobetxatu guran, natura eta ikuspegiei garrantzia eman gura izan diete, eta, gune bat natura gaiei eskaintzeaz gainera, herriko inguruetan osteratxoak egiteko aukera ere egon zen. Programazioak eta eguraldi bikainak jendetza erakartzen lagundu zuen eta Karmele Mendiberen, Errekaldeko zentroko zuzendariaren, berbetan, "aurreikuspen guztiak bete dira, 20.000 bat lagunekoa". Eta, hain zuzen ere, egondako giroarekin eta jendeak izandako partaidetzarekin "oso pozik" daude antolatzaileak.

Giroa goizean eta jendetza arratsaldean

Goizeko 11etan egin zuten irekiera ekitaldia, Juan Jose Ibarretxe lehendakaria, Tontxu Campos Hezkuntza sailburua eta Oñatiko alkate Lurdes Idoiaga han zirela. Eurekin batera alderdi politikoetako ordezkariak eta Euskal Eskola Publikoko arduradunak izan ziren.

Derrigorrezko harrera egin eta gero, Pake Leku erretiratuen elkarteko abesbatzak abestu eta zirkuitua ireki zuten. Goiz partean guneek izan zuten protagonismoa, umeendako tailerrak ikuskizunak eta jokoak nonahi ikusi zitezkeen.

Naturarekin bat

Arratsaldeko programazioak, oro har, unibertsitate ingurua eta Foruen plaza hartu zituen. Egitarauan, era berean, Santa Marina plazan kokatutako Naturgunea indartu nahi izan zuten eta horrek ere erantzun polita izan zuen han egin zituzten-eta umeendako Natur Eskolaren tailerra eta gurasoak asper ez zitezen gazta lehiaketa ere prestatu zuten. Plazatik, gainera, baserri auzoetarako osteratxoak antolatu zituzten eta lagun ugari animatu zen, goizean, Errekalde baserria ezagutu edota Zumeltzegi dorrera gerturatzera aukera eskainita.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak