Diputazioarekin hitzarmen bat egin zuen Oñatiko udalak herri sarreran dauden biribilguneak txukun zaintzeko. Asmo horrekin, Fanderiakoa eta Madalenakoa txukuntzen ari dira egun hauetan. Lehenengoan burdinezko txantxiku batzuk jarri dituzte eta bigarrenean ere jarriko dituzte irudi batzuk. Orain, bilduta datorren belarra jartzen ari dira.
Lorontziak kalean
Bestalde, kale Barrian eta kale Zaharrean plazan dauden antzerako lorontziak jarriko dituzte. Eta unibertsitate inguruan eta Zulueta dentistaren inguruan, zutikako lorontziak. Gainera, unibertsitate aurreko bi espaloietan harrizko zirkulu erdiak jarriko dituzte, inguruari beste irudi bat emateko eta baita espaloi gainean autoak ez aparkatzeko ere. Gorpuzti jaiak baino lehen egin gura dituzte lan horiek.