Aloñari ihes egin dio 3. mailak

A.G. 2006ko mai. 29a, 10:16
Azken hilabeteotan Preferenteko lehenengo postuari eutsi eta gero, Aloña Mendiko futbol taldeak bigarren amaitu du denboraldia. Irunen 3-0 galdu zuten Oruetaren mutilek Real Unionen aurka, eta txapeldunordearen saria jaso zuten. Jarraitzailez betetako bi autobus atera ziren Irunera Oñatitik.

Ezinezkoa izan zen. Jokalariek dena eman zuten eta zaleak gogotsu aritu ziren taldea animatzen. Baina Real Union Aloña baino gehiago izan zen eta ligako azken jardunaldian ez zuten hutsik egin irundarrek.

Zoritxarreko jokaldia

Aloñako jokalariak gogotsu irten ziren Irungo Gal estadiora. Azken asteotan bizitakoaren ondoren, presio guztia alde batera utzi eta irabaztera atera ziren Oruetaren mutilak. Irunera lider iritsi ziren oñatiarrak. Beraz, guztia alde zuten; berdintzea edo irabaztea nahikoa zuten lidertza mantendu eta datorren urtean 3. mailan jokatzeko. Partiduko lehenengo minutuetan Aloña ondo kokatu zen zelaian. Erdialdea indartu nahi izan zuen Oruetak. Hala, hiru jokalari ipini zituen zelaiaren zati horretan.

Etxeko taldeak irabaztea zuen beharrezkoa eta horretarako gogor jokatu zuten. 35. minutuan, korner baten ondoren, baloiak Aloñako jokalari baten gorputzean jo eta sareetan sartu zen. Lehenengo gol honekin, igoerako ametsa zapuzten hasi zen. Eta are gehiago, bi minutura, Real Unionek bigarren gola egin zuenean.

Zaleen babesa

Bigarren zatian Aloñak berdinketa eskuratu beharra zuen. Baina berriro ere ezbeharreko jokaldi batean baloia galdu eta Real Unionek hirugarrena egin zuen. Etxeko taldeak partidua erabakita utzi zuen.

Oñatiarren ametsa zapuztuta, Irunera hurbildutako zaleek ez zuten etsi. Partidu amaiera arte animatu zuten taldea, datorren urtean izan beharko duela pentsatuta.

Partidu amaieran, Real Unionek txapeldunen saria jaso zuen eta Aloñak, berriz, bigarrenaren saria. Jokalariek zaleei eskaini zieten emandako babesagatik.

Denboraldiaren laburpena

Denboraldiko lehenengo partidua gol festarekin hasi zuen Aloñak, etxean 6-3 nagusitu zitzaion Oriokori. Lehenengo bolada ona urrian izan zuten oñatiarrek: sei partidu jarraian irabazi zituzten. Horien artean, Iruni etxean irabazitakoa (5-0). Azaroaren 20an, berriz, Azkoagainen denboraldiko partidu bakarra galdu zuten, Hernaniren aurka (0-3).

Aloñari lidertza eman zion bolada urte hasieran etorri zen. Mutrikun 2-1 galdu eta gero, Aloñak 13 jardunaldi egin zituen partidurik galdu gabe (11 garaipen eta bi berdinketa). Bolada ona Hondarribian eten zuen Aloñak martxoaren 25ean, 2-0 galduta. Azken txanpan kanpoko partiduetan kale egin dute eta ondorioz igoerak ihes egin die.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak