Ionut Zinca errumaniarrak iaz egindako errekorra hautsi zuen Aloñako igoeran

A.G. 2006ko mai. 2a, 10:50
Ionut Zincak iaz eginiko denbora 50 segundo hobetu zuen domekan jokatu zen Aloñako II. Igoeran. Errumaniarra azkarrena izan zen Oñatiko helmugan, 1:13:23 denbora eginda. Lehen emakumea Alicia Romero izan zen, 1:28:47 denborarekin. Lehen debagoiendarra, berriz, Ernesto Lorenzo izan zen: 1:18:03 denbora egin zuen eta zortzigarren izan zen sailkapen nagusian.

Aloñako II. Igoerari hasiera emateko, 254 korrikalari elkartu ziren Oñatiko plazan. Parte-hartzaileen artean 14 emakumeak izan ziren.

Urtiagainen Ionut lehena

Ionut errekorra haustera etorri zen Oñatira. Bere helburua iaz eginiko denbora hobetzea zen. Hala, lasterketa hasieratik aurrean ibili zen. Korrikalariek Oñatiko plazatik irten eta Garagaltzarako bidea hartu zuten. Hortik, Urtiagainera igo ziren. Lasterketaren hasierako ibilbidea zuhaitz artean egin zuten korrikalariek. Eta egiten zuen eguraldia dela-eta, parte-hartzaileek gustura hartu zuten gerizpean eginiko zatia.

Urtiagainera Ionut iritsi zen lehenengo. Hala ere, bigarren eta hirugarrenarekiko aldea ez zen handia izan. Puntu horretara iritsi zen lehenengo emakumea, berriz, Alicia Romero durangarra izan zen.

Urtiagainetik Aloñako tontorrerako bidean Ionutek lehenengo postua galdu zuen. Aloñako gurutzera Imanol Etxeberria iritsi zen lehenengo, 49 minutu eta 24 segundo eginda. Iaz, Aloñara lehenengo iritsi zenak 50 minutu eta 37 segundo behar izan zituen. Imanolen atzetik Arkaitz Sodupe eta Ionut Zinca iritsi ziren Aloñako tontorrera. Lehenengo hiruren artean denbora tarte txikia zegoen, eta, hori aprobetxatuz, Ionutek beherakoan aurre hartu zuen.

Jaitsiera gogorra

Aloñako Igoera mendi lasterketen artean gogorrenetariko da. Izan ere, 16 kilometroan 2.200 metroko gorabehera egin behar dute. Jaitsieran teknikoki ona izatea beharrezkoa da. Eta atzo, Ionutek jaitsieretan maisua dela erakutsi zuen. Beherakoan lehenengo postua eskuratu zuen errumaniarrak.

"Jaitsiera gogorra egin zait. Oinetako oso onak ekarri ditut, baina, hala ere, azkazal guztiak hautsi ditut", esan zigun Ionutek. Antolatzaileak gustura geratu ziren lasterketak izandako harrerarekin. Oñatiko plazan eta Aloñako magalean jende ugari bildu zen lasterketa ikustera.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak