Ibarreko dantza taldeen eguna ospatu zuten zapatuan

A.G. 2006ko mai. 2a, 10:19
Oñatiri egokitu zaio aurten hamaseigarren dantzari eguna antolatzea, eta zapatuan egin zieten harrera txantxikuek Arrasate, Antzuola eta Soraluzetik etorritako dantzariei. Guztira, 200 bat neska-mutiko ibili ziren Oñatiko kaleetan dantzan, 10:30ean hasita.

Oñatz dantza taldekoek ongietorria eginda, kalejira egin zuten eguerdira arte Arrasateko Lore Gazteak eta Arrostaitzekoek, Antzuolako Oinarinekoek eta Soraluzetik etorritako Urrats taldekoek. Eguerdia gerturatu ahala, gero eta jende gehiago animatu zen kalera. Bigarren aldiz egin da egun hori zapatu baten, baina horrek, antolatzaileen arabera, ez du jendearen etorreran eragin. Jesus Irizar, Oñatzeko arduradunetako batek, azaldu bezala, "jende asko azokatik irten eta plazara gerturatu" zen dantzak ikustera eta alarderako jendetza bildu zen herriko plazan ibarreko taldeak ikusteko. Parte-hartzaileen kopuruari dagokionez, pozik daude Oñatzekoak jasotako erantzunarekin, "nahiz eta pena izan den Aretxabaletako eta Bergarako taldeek ezin etorri izana".

Euskal Herri guztiko dantzak

Hala, 12:30ean hasi zen talde guztiak batu zituen alardea, txistulari eta guzti. Euskal Herriko lurralde guztietako ekarpenak egin zituzten dantza taldeek eguerdiko saioan. Dantza talde bakoitzeko bikote batek agurra egin ostean, Oñatikoek Zuberoako dantzekin ireki zuten emanaldia eta Soraluzekoek batelerak dantzatu zituzten. Bizkaiko dantzari dantza talde guztietako mutilek egin zuten eta gero neskek zinta dantza. Arrasateko Lore Gazteak taldekoek Gasteizko dantzak egin zituzten eta amaitzeko Tuterako jota egin zuten talde guztiek elkarrekin.

Bazkalordurako Etxer-Haundi jatetxera joan ziren dantzariak eta arratsaldeko bostetan bigarren alardea egin zuten, eguna amaitzeko. Horrez guztiaz gain, ilunkeran Giokelaren laguntzarekin saiheski erre dastatzea antolatu zuten, sagardo eta ardoarekin lagunduta. Herriko plazan izan zen, eta batutako dirua Oñatz dantza taldearendako izango da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak