Alarmak jartzeko laguntza emango du Udalak

Goiatz Arana Begiristain 2006ko api. 19a, 12:50
Oñatiko Udalak alarmak jartzeko laguntza emango die herriko dendari eta ostalariei. Alarma sistema lehendik ezarrita dutenei, urteko mantentze kuotarekin lagunduko die. Segurtasuna bermatzea da helburua.

Alarma sistema jartzen duten dendari eta ostalariei, instalazioaren kostuaren erdia ordainduko die Oñatiko Udalak; gehienez, 200 euro establezimenduko. Horixe da, hiri-segurtasuna aztertzeko, Txanda dendarien elkarteko kideekin martxoaren 28an egindako batzarrean Lourdes Idoiaga alkateak hartutako konpromisoa.

Alarma sistema lehendik ezarrita dutenei, Udalak urteko mantentze kuotaren %85a ordainduko die, 200 euroko mugarekin, kasu honetan ere.

Dendariak eta ostalariak, gustura

Erasotzaileek lapurretak egiten dituzte kasu batzutan, eta pertsianak hondatzen edota kristalak apurtzen bestetan. Arazo horiek ekiditeko, pertsianak eta alarma neurri aproposak direla uste dute dendariek, eta begi onez jaso dute Udalaren erabakiaren berri.

Udaltzain gehiago

Laguntza horien berri emateaz bat, udaltzain kopurua gehitzeko asmoa ere agertu die alkateak Txanda elkartekoei. Egun, sei kide ditu Oñatiko udaltzaingoak, eta beste lau kontratatzeko deialdia egina du Udalak. Epe ertainera, 12 edo 14 laguneko taldea osatu eta zerbitzua asteburutara zabaltzea dira helburuak, asteburu gauetako bandalismo ekintzak ekidin eta segurtasuna bermatzeko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak