Su-etenak itxaropena ekarri du aurtengo erromesaldira

A.G. 2006ko api. 10a, 10:51

Eguraldia lagun, zapatuan milaka lagunek egin zituzten Oñatitik Arantzazurako bederatzi kilometroak. Bakea guztion artean sendotu behar dela adierazi zuen Juan Maria Uriarte Donostiako gotzainak Arantzazurako erromesaldian.

"Gaur, Arantzazurako bidean, pozak eta itxaropenak arindu ditu gure oinak". Horiexek izan ziren Donostiako gotzain Juan Maria Uriarteren lehenengo hitzak Arantzazuko otoitzaldian. "Badugu oraindik zer eskatu, baina baita zer eskertu ere. Bake-bidearen lehen urratsak emanak daude". Izan ere, ETAren su-eten iraunkorrak sentipen berezia piztu du aurten Donostiako elizbarrutiak Arantzazura urtero deitzen duen erromesaldian. 09:30ean abiatu ziren erromesak Oñatitik eta 11:30ak pasatxo ziren erromesaldiaren burua Arantzazuko plazara iritsi zenean.

Gonbidatu bereziak

Aurten ere gonbidatu bereziak izan ditu erromesaldiak, hala nola: Baionako bikario nagusi Dominique Cornier eta Boliviako Beni eskualdean gotzaina den Manuel Egiguren. Eusko Jaurlaritzako bozeramaile Miren Azkaratek ere lehenengo lerroetan egin zuen Arantzazurako igoera.

Bake osoa eta betea

Benedikto XVI.a aita santuak esan berri dituen hitzak ekarri zituen gogora gotzainak bere hitzaldian. "Ezkortasuna alboraturik, itxaropena erakutsi digu. Herri osoari dei egiten digu bake hasi berriaren gorputza hazaraztera (...). Bake osoa eta betea nahi eta behar dugunez gero, ez diezaiogun bakeari oztoporik jarri". Eta gizarteko eta politikako arduradunei zera eskatu zien: "Eraiki dezagun guztiok bakea guztiontzat". Otoitz ekitaldi laburra baina sakona egin zuten Arantzazun erromesek. Aitagurearekin eman zioten hasiera otoitzaldiari eta ebanjelioa zein gotzainaren hitzak entzun ondoren Arantzazuko Amaren omenezko ereserkiarekin eman zioten amaiera aurtengo erromesaldiari.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak