Laurent Galinier frantziarra izan zen azkarrena Oñatiko duatloian

Laurent Galinier nagusitu zen Oñatiko XV. duatloian. Kirolari frantziarra lehenengo momentutik ibili zen lasterketaren buruan eta azkenean ez zuen hutsik egin. Bigarren Hector Llanos gasteiztarra sailkatu zen.

Debagoiendarren artean, Ander Agirre Antxintxika taldekoa izan zen azkarrena (8.en) eta emakumeen artean Ainhoa Murua zarauztarra helmugaratu zen lehenengo.

Hasieratik aurrean

Korrika, Oñatiri lau kilometroko bi bira eman zizkioten parte-hartzaileek. Lehenengo momentutik lasterketaren buruan jarri ziren Laurent Galinier, Hector Llanos eta Steven Mac Gregor eskoziarra. Boxetara hirurak bateratsu iritsi ziren, korrika egiteko oinetakoak erantzi eta bizikleta hartzera.

Bizikletan, 39 kilometroko ibilbidea zuten egiteko. Oñatiko plazatik irten, Elorregin (San Prudentzio) Bergara aldera hartu eta Deskarga igo ostean Udanan behera berriro ere Oñatira. Han, hasierako taldea apurtu egin zen: "Hirurak ondo konpondu gara, begirada bat nahikoa izan dugu zer nahi genuen jakiteko", esan zigun Laurent Galinierrek helmugan. Hala ere, frantziarrak eta Hector Llanosek jarritako erritmoa ezin izan zuen jarraitu Mac Gregor eskoziarrak. Hura atzean gelditu zen, eta beste biek egin zuten Udanan behera. Boxetara batera iritsi ziren frantziarra eta euskalduna, baina Galinierrek duatloietan espezialista dela erakutsi zuen oinetakoak aldatzeko orduan: Oñatiko plazatik 20 segundoko aldearekin atera zen azken lau kilometroak korrika egitera.

Azkenean, frantziarra izan zen lehenengoa helmugara iristen, 1:42:54 denborarekin. Pozik azaldu zen lortutako garaipenarekin. Oñatiko Triatloi Taldeak egindako lana goraipatu zuen irabazleak: "Antolatzaileek izan duten ardura bikaina izan da", esan zigun Galinierrek.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.