Bizigune programa sinatu dute

Oihana Elorza Gorostiza 2006ko ots. 13a, 17:06
Herrian hutsik dauden etxebizitzak prezio babestuetan errentan emateko programa da Bizigune. 200 bat etxebizitza daude hutsik Oñatin. Bostekin adostu dute programa dagoeneko. Martitzenero egongo dira udaletxean informazioa emateko prest.

Madrazok esan du programa honek bai jabeen bai errenteroen interesak asetzen dituela: jabeek hilabete oro jasoko dute errentako dirua eta etxebizitza egoera onean berreskuratuko duten ziurtagiria dute. Errenteroek, bestetik, babestutako prezioan ordainduko dute errenta. Bien arteko diferentzia, Jaurlaritzak ordaintzen du. Hauexek dira bataz besteko prezioak:

  • Jabeek jasotzen dutena: 560 euro
  • Errenteroek ordaintzen dutena: 235 euro

Oñatiko etxebizitza hutsak

Alkateak esan du herrian 200 etxebizitza inguru daudela hutsik, etxebibizitzen %3 inguru. Guztira, 4.800 etxebizitza ei daude, horietatik 4.000 herri barruan. Biztanleak, berriz, 10.700 inguru.

Herria 13.000 biztanle izatera heldu daitekeelako, 1.200 etxebizitza berri egitea jaso zuten azken arau subsidiarioetan. Horietako etxe asko babestutakoak izango dira. Ugarkalde auzoko lehen 75 etxebizitza babestuak 15 egun barru zozketatuko dituzte. Etxebiden, Oñatin erroldatuta dauden 530 lagun daude apuntatuta baina gehiago dira etxebizitza Oñatin izateko interesa agertu dutenak. Ugarkaldeko lehen zozketan, 500 lagun sartuko dira.

Martitzenero

Bizigune programan sartzen dira gutxienez urtebete hutsik dauden etxebizitzak. Oñatin dagoeneko bost etxebizitza sartu dituzte programan eta horietako hirutan errenteroak daude dagoeneko; beste biak tramitetan dabiltza.

Bizigune programari buruz edozer jakin edo galdetu gura duenak, martitzenero du aukera. Udaletxera etorriko dira ordezkari batzuk 09:45etik 13:00etara.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak