Erakusketa batekin hasiko da Oñatiko Natura Astea

A.G. 2006ko otsailaren 13a

Gaur hasiko da Natura Astea Oñatin. Erakusketak, hitzaldiak, ikus-entzunezkoak, Zuhaitz azoka eta Zuhaitz eguna dira Natur Eskolak antolatutako egitarauaren oinarri nagusia.

Goroldioak: uraren xarma izeneko erakusketak irekiko du astea gaur, eta martxoaren 9ra arte egongo da ikusgai Natur Eskolan. Horrekin batera, bihar, martitzena, Ugatza, saia eta saizuria izeneko erakusketa zabalduko dute kultura etxean. Argazki erakusketa hori hilaren 27ra arte egongo da ikusgai.

Zine emanaldiak ere egongo da Natura Astearen barruan. Eguenean, hilak 16, El Cielo gira filma emango dute eta 23an, berriz, La pesadilla de Darwin. Biak ala biak, 20:00etan, kultura etxean. Hiru hitzaldi ere egongo dira: hilaren 20an, Baso eta zuhaitz zaharren garrantziaz; hilaren 21ean, Korredore naturalak, naturguneen konektibitatea gaiaz arituko dira, eta 22an, Ugatza: arrano hezurjaleaz.

Zuhaitz azoka hilaren 19an egingo dute, Foruen plazan, ohi bezala, eta sei mintegitako ordezkariek euren zuhaitz eta zuhaixkak erakutsiko dituzte 09:00etatik 13:30era bitartean. Zuhaitz egunari dagokionez, otsailaren 26an egingo dute. Aurten Aloña eta Belar inguruetan landatuko dituzte zuhaitzak, 200 bat.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak