Dagoeneko soldaduzka derrigorrezkoa ez delako, kintoek urtero egiten duten santa eskea neskak eta mutilak elkarrekin egitea erabaki dute aurtengo kintoak.
Aurten 75 kinto daude herrian eta, urtero bezala, herrian nahiz auzoetan ibiliko dira santa eskean, soinu joleen laguntzarekin: domekan, Santa Ageda eguna, herriko kaleetan ibiliko dira eta hurrengo zapatuan, auzoetan. Domeka goizean meza izango dute Agustindarren elizan eta ondoren kantuan ibiliko dira kalean gora eta behera. Hurrengo zapaturako, sei,zazpi laguneko taldeak egingo dituzte auzoetara joateko eta auzoko tabernan bazkaldu ondoren, kalean elkartuko dira guztiak santa eskean jarraitzeko.
Entseguak
Astean birritan elkartzen dira aurtengo kinttoak: eguaztenetan eta egubakoitzetan Errekalden, dantzakoen lokalean, 21:00etan. Lau kantu eta bi doinu dituzte, auzoetan eta herrian kantatzen dituzten abestiak letra ezberdinak dituzte eta. Santa eske egunean herrian hainbat gauza apurtu izan dituztelako, 600 euroko fiantza ordaindu diote Udalari aurtengo kinttoek ere.