Herritarrek 35 alegazio aurkeztu dizkiote Elorregitik Oñatira bitarteko tranbiaren proiektuari. Horietako batzuk alegazio partikularrak edo indibidualak dira, adibidez, bere etxe aurretik tranbiarik ez pasatzeko esan dutenak. Beste batzuk, ordea, sinadurak bilduz aurkeztutako alegazioak dira, arazoak ze irtenbide eduki dezakeen ere aztertzen eta aurkezten dutenak (adibidez, batzuk uste dute nahikoa dela tranbiak karril bakarra izatea)
Olabarrieta eta Zubillaga
Olabarrieta auzoak eskatu du tranbia bertaraino iristea eta bi geltoki izatea: auzoan bat eta Aiastui baserriko bidegurutzean bestea, biak autobusaren geltokiak dauden tokietan. Zubillagako auzotarrek ere geltokia eskatu dute.
Eusko Jaurlaritzara
Herritarrek egindako alegazio batzuk Udalak berak ere aurreikusten zituen, adibidez, aurreko bi auzo horietan geltokiak izatea. Orain, herritarrek aurkeztutako 35 alegazioak eta Udalak berak egin dituenak Eusko Jaurlaritzara bidaliko dituzte. Oraindik ez dakite noiz hasiko diren alegazioak aztertzen, baina uda helduko dela uste dute Udal ordezkariek, oraindik Bergara eta Aretxabaleta zatiko alegazioak aztertzen ari delako Jaurlaritza.
Herri kontsulta
Ereitten herri ekimenak, bestalde, garraio publikoaren alde dagoela esan du baina horrelako proiektu handi bat martxan jarri aurretik, herri kontsulta bat burutzea planteatzen du, jakiteko herria tranbiarekin ados dagoen edo ez. Ondoren, NIPak martxan jartzea plantetatzen du, Arrikrutzeko kobazuloaren proiektuarekin egin zen bezalaxe.