Sukibide enpresa sustatzaileak egingo ditu etorkizunean sortuko duten Ugarkalde auzoko etxebizitzak. Guztira 75 dira babes ofizialekoak: 54 hiru logeladunak, 17 bi logeladunak eta 4 ezindu fisikoendako gertatutakoak. Garageak eta trastelekuak eskainiko dituzte etxeokin batera. 4 bloketan banatuta egingo dituzte 75 etxebizitzok Ugarkalden.
Oñatiko babes ofizialeko etxebizitzen zozketan parte hartzeko hiru baldintza bete behar dituzte eskatzaileek:
- Etxebiden izena emanda izatea iazko azaroaren 30a baino lehen
- Oñatin erroldatuta egotea azken bi urteotan
- Eskatutako diru sarreren baldintzak betetzea.
Horiez gain, eskatzaileek ezingo dute aurrez etxebizitzarik izan. Hala ere, onartuko dituzte hurrengo hiru kasuetan daudenen eskaerak: etxea erabat zahartuta dagoelako bota beharrean egotea; desjabetutako etxea izatea; edo 36 metro koadroduna baino txikiagoa izatea. Familia ugarien eskaerak ere onartuko dituzte beraien etxebizitzak 12 metro koadro baino gutxiago baditu pertsonako.
Urtarrilaren 19tik aurrera zerrendak ikusgai
Joan zen abenduaren 29an onartu zuen udalbatzarrak zozketaren oinarriak ezagutzera ematea. Horregatik ikusgai daude udaletxean datozen 15 egunotan. Hori horrela, urtarrilaren 18an bukatuko da oinarriei alegazioak aurkezteko epea. Hurrengo egunean, urtarrilak 19, eskatzaileen zerrenda eskatuko dio Udalak Etxebideri: 2005eko azaroaren 30a baino lehen izena emandakoen zerrenda, hain zuzen. Eskatzaileak azken bi urteotan Oñatin erroldatuta dauden frogatuko du Udalak eta ondoren, zozketan parte hartuko dutenen behin behineko zerrenda kaleratuko du. Zerrenda hori ere, 15 egunetan egongo da ikusgai alegazioak aurkezteko. Horiek guztiak egin ostean, data jarriko diote zozketari.