Tranbiaren planoak udaletxeko aretoan daude ikusteko moduan

Oihana Elorza Gorostiza 2005ko abe. 23a, 11:03
Tranbiaren ibilbidea ikusten den panelak jarri dituzte Osoko Bilkuren aretoan. Urtarrilaren 4a arte dago zabalik gura duenak ikusi ditzan, aste barruan. Urtarrilaren 23a arte luzatu dute epea alegazioak jartzeko.

Tranbiaren proiektuaren aurkezpen ofiziala egin dute udaletxeko Osoko Bilkuren aretoan abenduaren 22an. Tranbia Oñatin nondik nora pasako den ikusten diren panelak jarri dituzte. Aurkezpenera etorri dira: Nuria Lopez de Gereñu Garraio eta Herri Lan sailburua, Koldo Azkoitia, Lurralde Antolamendu eta Sustapenerako foru diputatua eta Debagoienan tranbia izango duten herrietako alkateak, hain zuzen: Andoni Gartzia (Oñati), Victoriano Gallastegi (Bergara), Ignacio Lakunza (Arrasate), Arritxu Oliden (Aretxabaleta) eta Juan Carlos Bengoa (Eskoriatza).

Tranbiaren datu batzuk

Debagoiena lotuko duen tranbiaren proiekuaren hirugarren fasea da Elorregitik Oñatirako tartea. 10 kilometroko tartea da eta horietatik 7,4 kilometro, bikoitzak dira. Oñatin, 10 geltoki izango ditu eta horrekin lortu gura dute biztanlegoaren %75ak etxetik bost minututara izatea tranbiaren geltokia. Oraindik ez dute esan tranbiaren lanak noiz hasiko dituzten baina sailburuan esan zigunez, "2007an lanean egotea gurako genuke".

Ikusteko aukera

Tranbiaren ibilbidearen planoak ikusten dira panel horietan. 10 geltoki horiek non diren ere ikusten da eta bestelako datu orokorrak ere badituzte. Oraindik behin behineko proiektua da. Alegazioak jartzeko epea urtarrilaren 23a arte luzatu dute.

Erakusketa udaletxeko Osoko Bilkuren aretoan bertan dute jarrita eta hantxe egongo da urtarrilaren 4a arte. Aste barruan ikusi daiteke, astelehenetik egubakoitzera, 09:00etatik 13:00etara eta 18:00etatik 20:00etara.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak