20 milioi pasa euroko aurrekontua onartu du Udalak datorren urterako

Oihana Elorza Gorostiza 2005ko abe. 1a, 15:17
Ia 20.300.000 euroko aurrekontu bateratua onartu du Udalak 2006rako; 2005ekoa baino %16 gehiago. Udaleko zortzi erakundetan banatuko dute dirua. Kopuru handiena Udalak kudeatuko du: 17 milioi pasatxo euro. Ezker Batua abstenitu egin da eta Ereittenek ez ditu onartu.

Martitzeneko osoko bilkuran onartu zituen Udalak 2006ko aurrekontuak: 20.300.000 euro, 2005erako baino %16 gehiago.

Udaleko zortzi erakundetan banatuko dute dirua: Udala, San Martin egoitza, Oñargi, Ur Jauziak, MerkaOña, OUTHSA, Oñatiko Etxegintza eta Turismo eta Garapen Agentzia. Kopuru handiena Udalak kudeatuko du: 17 milioi pasatxo euro. Hirigintzak eta Kirol sailak dituzte aurrekontuen partida handienak.

Diru partidak, sailka

Sail bakoitzak esan du zenbat diru duen eta zertan gastatuko duen:

-Hirigintza: 5.200.000 euro. (San Lorentzo auzoko saneamentua, irisgarritasun planaren bigarren fasea, Kalegoiena eta kiroldegiko parkinga, besteak beste)

-Kirola: 2 milioi euro pasatxo. (Hiru laurdenak inbertsioetarako eta horretatik zatirik handiena kiroldegiko obretarako: anpliazioa (2006-2007 ikasturterako zabaldu gura dute) bukatu eta aldagelak berriztu.Baita, eskola kirola, Aloña Mendi eta herriko beste talde batzuendako laguntza, besteak beste)

-Gizarte zerbitzua: 1.435.000 euro. (ISO 901, San Martin egoitzako lanak, Gureak enpresako langileendako autobus zerbitzua eta etxez-etxeko zerbitzua, besteak beste)

-Turismoa: 1.136.000 euro. (Besteak beste: Arrikrutzeko kobak (2007ko udarako bukatu nahi dituzte), San Migel errota, publizitatea eta Aste Santutik Pilarika bitartean, autobus zerbitzua jartzea Arantzazura domeketan)

-Kultura: Ia 906.000 euro. (Besteak beste: herriko taldeetan eta auzoko jaietarako 300.000 euro, euskal komunikabideendako laguntza, musika kontzertuetarako 71.000 euro, zineari eusteko apustua eta inbertsioak Santa Anan eta elizetan)

-Nekazaritza: 667.000 euro. (Besteak beste: saneamentua, uraren arazoa konpondu eta auzuneak argiztatu)

-Teknologia eta informazioa: Ia 377.000 euro, 70.000 euroko igoera (Besteak beste: langabezia kopurua kontrolatu, Udaleko web orria, informazio gizarteari bultzada eman)

-Hezkuntza eta euskara: Ia 338.000 euro. (Besteak beste: euskaltegiaren ekipamendua, Euskal Eskola Publikoaren jaia, ikastexeei laguntza 0 eta 16 urte bitarteko ikasleendako, inkesta euskararen erabilera neurtzeko eta haur etorkinen programa)

-Gazteria: Ia 200.000 euro. (Gehiena gaztelekuan inbertituko dute, ekipamendua egokitzen; musika taldeei laguntzeko 51.000 euro daude; 18.000 euroko partida berria aisialdirako tailerrak eta ikastaroak egiteko)

Energia berriztagarrietan ere inbertsioak egingo dituzte. Aztertu gura dute ere autobus zerbitzua jartzea eskualderako.

Ezker Batua

Ezker Batuako zinegotzia kexatu egin zen aurrekontuak onartzeko edo proposamenak sartzeko denbora gutxi egon delako. Proposamenen artean, emakumeari zuzendutako sail bat egon beharko litzatekeela esan zuen. Abstenitu egin zen.

Ereitten

Ereitten Herri Plataformak esan zuen oposizioak 12 egun eskas izan zituela aurrekontuen txostena aztertzeko. Gaineratu zuen apartheid egoeran onartzen diren hirugarren aurrekontuak direla eta ezinezkoa zaiela aurrekontu ez demokratikoak onartzea.

Ereittenek egin zituen proposamen eta hausnarketa batzuk: bulegoetako telefono gastuen (%88) eta errepresentazio gastuak (%22) jaistea eskatu; herriko taldeei eta auzoei dirulaguntza gehiago eman, nahiz eta onartu %6 eta %3 igo dituztela; salatu Udalak bi liberatu izatea; emakume batzordea eratzea eskatu; turismo berdea indartzeko, kanpina edo aterpetxearen beharra; herri komunikabideetan azterketa sakona egiteko eskatu; alde zaharra erreabilitatzeko plangintza burutu eta antzerako politikak zentroko auzoetara zabaldu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak